Lekuona Fabrika komunikabideei erakutsi die Aizpea Otaegi alkateak

Egun gutxi falta da Lekuona Fabrikak bere ateak ireki ditzan. Herritarrek, hala ere, maiatzaren 15etik aurrera izan dute eraikina bera eta bertan garatuko den proiektua ezagutzeko aukera Udalak horretarako antolatu dituen ate irekien saioei esker. Atzo komunikabideen txanda izan zen.

“Garai batean, Lekuonak ogia egiten zuen herritarrak elikatzeko. Maiatzaren 27an irekiko den Lekuona Fabrikak kulturarekin elikatuko ditu”, parekotasun honekin eman zion Aizpea Otaegi alkateak bisitari hasiera.

Kultur sorkuntzarako baliabide eta espazio zabalak eskainiko ditu Lekuona Fabrikak 3 solairutan banatuta dauden areto ezberdinekin. Horiek guztiek herritarren harremanak sustatzeko toki ere izan nahi dute eta bide batez, kultura herritar ororen eskura jartzeko aukera emango dute.

Otaegik azaldu zuen 0 solairua aisiari lotutako espazioa dela, bertan topa daitezke eremu honi lotutako materialak: diskoak, telebistak, pelikulak, bidaia gidak, ordenagailuak…

Lehenengo solairuko bi aretoetan sorkuntzarekin harremana duten liburu funtsak kokatu dituzte: eleberriak, haur eta gazte literatura, poesia, bertsolaritza, arte eszenikoak, komikiak… Bigarren solairuan, ordea, ezagutzarekin harremana duten gaiak daude: gizarte zientziak, hizkuntzak, saiakera, artea, genero ikasketak, historia… Solairu honetan, gainera, ikasketara bideratutako gela dago, eraikin osoan isitasuna eskatuko duen bakarra.

Espazio hauetan guztietan, gainera, liburuak eta izaera ezberdineko ekintzak elkarrekin biziko dira eta horretarako sortu dituzte ‘plaza’ izeneko programaziorako gune bereziak. Horren lagungarri, mahai, aulki eta altzari gehienek gurpilak dituztela azpimarratu zuen Otaegik, “espazioak beharren arabera eraiki” ahal izateko.

 

Sorlekua

Arte eszenikoen sorkuntza profesionalak ere izango du tokia Lekua Fabrikan. Sorlekua izeneko auditorioa izango da, hain zuzen, egonaldi artistikoen entsegu eta lanerako etxe.

Baina ez hori bakarrik, ikuskizunen programaziorako ere “inguruan parekorik ez duen” azpiegutura teknikoa eskaintzen duela adierazi zuen alkateak: “Hiru zatitan bana daiteke espazioa eta 7 disposizio eskain ditzake. Oholtzaren tamaina ere moldagarria da, formaturik handienean 14×19 metrora irits daiteke. Eserita 737 pertsona sartzen dira eta 1.500 zutik”.

Iratxe Ansa dantzari errenteriarrak Igor Bacovichekin batera gidatzen duen Metamorphosis Dance konpainia izango da, hain zuzen, oholtza horretara lehendabizikoz igoko den taldea. ‘Al desnudo’ dantza pieza eskainiko dute bertan maiatzaren 29an eta 30ean.

 

Herriarentzako inbertsioa

Lekuona Fabrikak 10,7 milioitako inbertsioa suposatu duela azaldu zuen Otaegik. Eraikina birgaitu eta eraikitzea 8,2 milioi kosta da, hornitzea 2,1 milioi eta 400.000 euroko gastu egin da proiektuaren idazketa, aholkularitza eta zuzendaritza lanetan.

Eraikina birgaitzeko eta eraikitzeko prozesuak, hiru fase izan dituela ere argitu zuen: “Lehen fasea, Lekuonaren eraikin zaharraren kontsolidazioarena izan zen. Horixe da gaur egun eraikinak duen aurrealdea, eta lehen zegoen eraikinetik mantendu dena. Fase hau 2013-2014 urte bitartean egin zen eta 500.000 euroko obra izan zen”.

Bigarren fasea, Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostuta eta lankidetzan, Lekuonak Arte Eszenikoen Zentroa izateko bokazioa zuenekoa izan zela ere esan zuen Otaegik: “Udalak Aldundiarekin zuen hitzarmenaren baitan, inbertsioaren % 60a bere gain hartuko zuen azken honek. Baina obrak hasi eta enpresa esleipendunarekin arazoak sortu ziren, enpresa ez baitzegoen prest kontratuan aurreikusitako lanak adostutako epeetan eta diruen truke egiteko. Udalak eta enpresak adostu zuten kontratua bertan behera uztea, eta ordura arte egindako lanengatik 2,5 milioi pasa likidatu ziren”.

Paraleloan, Aldundiak eta Errenteriako Udalak Lekuonako proiektuaren hasierako izaera aldatzea adostu zuten, lurralde mailako ekipamendu bat izatetik, herri mailakoa izatera pasaz: “Hor sortzen da egungo Lekuona Fabrikaren proiektua. Aldundiak diru-ikuspegitik hartutako hasierako konpromisoari partzialki erantzunez, ia 2,5 milioiko ekarpena egiten dio ordura arte egindako inbertsioari”.

Hirugarren fasea zein izan den ere aipatu zuen amaitzeko: “Lekuonari egungo Lekuona Fabrikaren izaera eman zitzaion eta kontratu berri bat atera zen lizitaziora 6 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin. Kontratu berria 2018an esleitu zen eta kontratu honen behin betiko aurrekontua 5 M eurokoa izan da”.

Hiru fase horietan egindako gastuaren baturak 8,2 milioi euroko inbertsioa suposatu du.