Etxeko hondakin organikoak konpostatzera animatzeko informazio kanpaina egingo du Udalak Agustinetan, Fanderian eta Alabergan

Herritarrak etxeko biohondakinak konpostatzera animatzeaz gain, konposta nola egiten den, nola erabili daitekeen, zer nolako tresnak behar diren eta beste hamaika zalantza argitzeko informazio postua jarriko du Udalak hiru auzoetan:

  • Agustinetan, ekainaren 22an
  • Fanderian, ekainaren 23an
  • Alabergan, ekainaren 24an

Postuak 11:00 – 13:00 bitartean egongo dira zabalik eta, bertan, konpostajeko bi teknikari izango dira hurbiltzen diren herritarrei azalpenak emateko.

Biohondakinen konpostajea

Etxeko hondakin organikoak kudeatzeko hiru aukera dituzte Errenteriako biztanleek: kaleko edukiontzi marroian uztea, norberak etxean konpostatzea edo auzokonposta gunea erabiltzea. Modalitate bakoitzak, gainera, hondakinen zergatan hobaria du:

  1. Etxeko konposta eta auzokonpostak: % 35
  2. Kaleko edukiontzi marroiak: % 27

Urtetik urtera konposta egiten duten familien kopuruak gora egiten du eta, ondorioz, gehiago da hirian bertan autokudeatzen den biohondakin kopurua, hondakinen kudeaketak suposatzen dituen Berotegi Efektuko Gasak ere murriztuz, klima aldaketa prebenitzen lagunduz.

Udalak herritarrak beren hondakin organikoak konpostatzera animatzen ditu, ingurumenari laguntzeaz batera, poltsikoan ere gauzak ondo egitearen eragina sumatuko baitute.