HAPO-a berritzeko prozesuaren Aurrerakin dokumentua aurkeztu du Errenteriako Udalak; ondorioz, dagokion parte-hartze epea irekiko du

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren –HAPO– berritze prozesuak jarraitzen du aurrera egiten; izan ere, Errenteriako Udalak dagoeneko publiko jarri baitu Aurrerakin dokumentua deritzona. Dokumentu honi ekarpenak egiten laguntzeko datozen asteetan gauzatuko diren hainbat partaidetza ekimen ere antolatu ditu udalak. Ekarpenak egiteko epea, berriz, irailaren 20an bukatuko da.

Udalak plan berrirako oinarrizko diagnostikoa aurkeztu zuen apirilean. Diagnostikoa bera, partaidetza telematikoaren bidez, diagnostikoaren inguru jasotako ekarpenak eta idazketa taldearen hainbat proposamenekin aurrerakin dokumentua osatu da, eta hori bera da orain publikoaren aurrean jartzen den aurrerakin dokumentua.

Aurrerakin honen helburua, berriz, debatea irekitzea da, izan ere, diagnostiko partekatuaren bidez aurkituriko erronkak eta hauei erantzuteko hainbat proposamen biltzen ditu idazkiak. Esan bezala, herritarrek eta bestelako interesdunek hiru hilabeteko epea izango dute, hemendik aurrera, dokumentuari ekarpenak egin eta aurkezteko Errenteriako Udalak eskaintzen dituen ohiko moduen bidez, hala nola, ZU! Zerbitzuan erregistratzea eta www.errenteria.eus webgunean dagoen erregistro telematikoa erabiltzea.

Partaidetzarako foroak, bisitak eta webgunea

Diagnostikoaren fasean bezala, oraingoan ere Errenteriako Udalak herritarrekin batera egin nahi du bidea. Hori dela-eta, legeak aurreikusten duen ekarpenetarako epeaz gain partaidetza ekimenak jarri ditu abian. Zehazkiago hiru dira datozen asteetan zabalduko diren parte-hartzerako guneak, non HAPOaren idazketan txertatu beharreko ekarpenak eta hausnarketak egin ahal izango diren:

• Parte hartze telematikoa: ekainaren 22tik uztailaren 11ra. Modu honetan nahi duen herritar orok parte hartu ahal izango du. Funtsean eskuragarri dagoen Aurrerakin dokumentuaren inguruko galdetegi bat erantzutean datza ekimen hau; hala ere, eduki horiek hainbatetan oso teknikoak izan daitezkeenez, dokumentu horren dibulgaziora begirako aldaera ere irakurri ahal izango da galderak erantzun eta proposamenak egin baino lehen. https://errenteria.eus/hapo-berritze/ da horretarako bidea eta bihar ekainaren 22an abiaraziko da.

• Foro tematikoak: aurreko fasean ezarritako gaien inguruko bost lan saio egingo dira ekainaren 28tik 30era. Bertan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, Aholku Kontseiluetako kideek, auzo elkarteek, emakume taldeek, gai zehatzen inguruko eragileek, aurreko fasean parte hartu zuten ausaz aukeraturiko herritarrek… Saio hauek dinamizatuak izango dira eta oinarrian aurrerakinaren edukiak izango dituzte.

• Auzo bisitak: aurrerakin dokumentuaren proposamenek lurraldean izan dezaketen eragina eta antzeko kontuak, tokian bertan ikusiko dute bisitetan parte hartuko dutenek. Herriak dituen 15 auzoak multzokatu eta zazpi bisita edo guneren gaineko bilerak egingo dira. Horietara udalak deituko ditu auzo elkarteak, emakume taldeak, auzoetako eragile nabarmenak…

Azkeneko bi horietan parte hartzeko gonbidapena behar izatearen arrazoia COIVD-19aren inguruko protokoloek ezartzen dituzten mugak dira. Izan ere, foro bakoitzean 25 pertsonak parte hartu ahal izango dute eta bisita bakoitzean hamar pertsonak.

Era berean, udal gobernua udalbatzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin ari da prozesu hau aurrera eramaten. Horren adibidea, uztailaren lehenengo asteetan gauzatuko den lan saioa.