Bihar hasiko da Gipuzkoako XII. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa

Bihar hasiko da, Amasan-Villabonan, Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketa. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Amasa-Villabona, Errenteria, Donostia, Asteasu, Andoain, Idiazabal, Zarautz eta Zumaia. Errenteriako hitzordua otsailaren 12an izango da.

Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Zarautz KE eta Zumaia KE. Adimen urritasuna duten kirolariek gogoz ekingo diote txapelketari larunbat honetan Amasako frontoian, eta gainera, aurten, ikusleek partidak ikusteko aukera izango dute. Iaz, Covid pandemiaren eraginez partida guztiak ikuslerik gabe jokatu ziren.