Errenteriako Udalak 1,3 milioi euro bideratuko ditu zaintza duintzeko, garapen ekonomikorako, ingurumenerako eta digitalizaziorako

Ezkerretik eskuinera: Garazi Lopez de Etxezarreta, Ogasun zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea; Maite Gartzia, alkateordea

Errenteriako Udalak 1.3 milioi euro jaso ditu Covid-aren krisiaren ondorioak arintzeko autonomiei zuzendutako ezohiko funtsaren bidez

Kopuru hau 2022 urterako onartu zen aurrekontuari gehitzen zaio

4 ardatz nagusi marraztu ditu dirua erabiltzeko eta hauen onarpena martxoko udalbatzan bozkatuko da: zaintza lanak duintzea, garapen ekonomikoaren aldeko apustua, Errenteria 0 isuri eta doako interneterako konexioa duten gune gehiago udalerrian

Testuinguru pandemiko honetan jaso den 1,3 miloi euroko funts berezi honek Errenteriako herritarren bizi kalitatea hobetzeko 4 ardatz estrategiko garatzeko aukera eskainiko du. Pandemia testuinguru honek komunitate gisa ditugun erronkak jarri dizkigu agerian eta hain zuzen ere hauei aurre egiteko estrategiak definitu dira.

1.- Zaintza lanak duintzea. 200.000 euro

Zaintzaren garrantzia bereziki nabarmendu da azkenaldian, eta ikusi ahal izan da zaindu behar diren familiek eta zaintzaileek gabezia handiak dituztela. Hori dela eta, lehenengo ardatzaren bitartez zaintza lanak duintzeko udal estrategia bat garatuko da.

Estrategia honek hiru ekintza nagusi barnebilduko ditu.

-Zaintzaileen formakuntza akreditazioa lortzeko

-Gizartea sentsibilizatzeko kanpaina

-Arreta eta aholkularitza zerbitzua

2.- Garapen ekonomikoa. 580.000 euro

Errenterian garatuko den jarduera ekonomikoa sustatze eta hobetze aldera hainbat ekintza proposatuko dira, bi norabide nagusi landuko dituztenak. Batetik, ostalaritza, merkataritza eta enpresa txikien jarduera sustatzeko ekimenak eta, bestetik, landa eremuan lehenengo sektorearen jarduera sustatzeko ekimenak.

– Ostalaritza + Merkataritza berregituratzeko funtsa. 300.000 €

– Lokal hutsen mobilizazioa, batez ere merkataritza eremuetan. 120.000 €

– Gazteak bertako komertziora gerturatzeko ekintzak. 140.000 €

– Landa eremuaren inguruko plan berezia lantzea. 20.000

3.- 0 isuri. 420.000 euro

Ingurumen politikak ezinbestekoak ditugu eta horien baitan gure herrian erreka eta bere ingurunea berreskuratu eta modu egokian mantentzea ezinbestekoa da. Hori lortze aldera, Iztietan eta Erdigunean gaur egun dauden isurketa batzuk behar bezala bideratzea da helburua.

– Iztietan eta Erdigunean isurketa puntuak egokitzea

– Komunitateei dirulaguntzak

4.- Digitalizazioa. Interneterako doako sarbidea guztiontzat. 100.000 euro

Gutxienez Interneterako doako sarbide-puntu bat instalatzea auzo guztietan.
Arrakalak eta desberdintasunak murrizteak, halaber, eten digitala murriztea dakar, baita auzo guztietako pertsona guztientzat Internetera doan sartzeko guneak jartzea ere. Hala, auzo guztietan gutxienez sarbide-puntu libre eta doako bat ezartzea aurreikusten da, nahiz eta auzoaren arabera puntu bat baino gehiago ezarriko den.