‘Nahiak’ kantata estreinatuko du Andra Mari Abesbatzak igandean

Andra Mari Abesbatzak igandean estreinatuko du ‘Nahiak’ kantata, Errenteriako 700. urteurrenaren ospakizunen harira sortu zena eta pandemiaren ondorioz ia bi urtez atzeratu behar izan den estreinaldia. Azkenean, publikoak igande honetan gozatu ahal izango du emanaldia, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Sarrerak 3 euroan daude salgai sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikaren leihatilan.

Emanaldia aurkezteko egindako prentsaurrekora egon dira: Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkatea; Iñaki Queralt, Agiritegiaren eta Liburutegiaren zinegotzia; obraren egileak, Iñigo Casalí Sarasibar (musika) eta Iñigo Legorburu Arregi (letra); eta Andra Mari Abesbatzako presidentea, Arantxa Arzamendi, eta zuzendaria, Andoni Sierra.

Arantxa Arzamendik azaldu duenez, 700. urteurrenaren harira Udalak ospakizunaren programazioa sortzeko deialdia zabaldu zuen eta Andra Mari Abesbatzak kantata bat sortzea proposatu zuen, Errenterian ez baitago aurrekaririk.

‘Nahia’ kantatak bi ardatz ditu: nondik gatozen eta nora goazen.
Iñigo Casali konpositoreak, berriz, eskerrak eman dizkio Andra Mariri berarengan konfiantza izateagatik, eta abesbatzarekin egindako lana zein erraza izan den nabarmendu du, sortzeko askatasunagatik eta eman zitzaion konfiantzagatik. Era berean, Iñigo Legorbururen letrarekin egindako uztarketa oso polita izan dela azpimarratu du, eta egungo eta sentikorrak diren gaiak jorratzea gustatu zaiola (berdintasuna, migrazioa, aniztasuna…).

Iñigo Legorburuk adierazi du kantataren letra sortzea erronka izan zela, bereziki pandemiaren girotik ateratzea momentu horretan, kontuan izanda 2020 urteko maiatza inguruan sortu zuela. Gainera, azpimarratu ditu lantaldean sortu diren konplizitatea eta harmonia, “auzolan sinfonikoa” gisa deskribatu du prozesua. Kantata herritik herriarentzako egina dagoela azaldu du.

Alkateak nabarmendu du 700. urteurrenaren baitan kokatzen dela proposamena, eta uste duela kantata pandemia garaian sortua izanak ondare bezala uzten duena esanguratsua izango dela hemendik urte batzuetara, “Ondare-elementu garrantzitsua geratzen zaigu udalerri gisa” – adierazi du.