Herri Behatokian parte hartzeko 750 herritarri gonbidapenak bidali dizkie Errenteriako Udalak, politika publikoak modu partekatuan sortu eta ebaluatzeko ahaleginean sakonduz

Errenteriako Udalak Herri Behatokia abiatuko du, herritarrekin batera udal politika publikoak baloratu eta hobekuntzak zein lehentasunak zehazteko. Behatokia 60 herritarrek osatuko dute, erroldan zozketaz aukeratuak izan dira eta datozen egunetan gutun bat jasoko dute etxean.
Udalak ekimen berri honen bidez urrats kualitatibo bat emango du gobernantzari dagokionez, herritarren ahotsa politika publikoetara gerturatzeko tresna berriak ahalbideratuz.
Herri behatoki mota hau ausaz hautatutako herritarren lan taldeak dira, politika publikoak bultzatzeko, ebaluatzeko, monitorizatzeko eta betetzen dela zaintzeko balia daitezkeenak. Ausaz edo zozketaz aukeraketa egiteak herritarren aniztasuna bilatzeko saiakerari erantzuten dio (genero, jatorri, adin, bizileku aniztasuna), eta informazio eta iritzi emate gaitasunaz gain, kontsentsuaren bidezko elkarrizketetan proposamen egiteko aukera aitortzen zaio.
Errenteriaren kasuan, Herri Behatokia Udalaren jarduna ezagutu, baloratu eta hobekuntzak zein lehentasunak lantzeko sortu den gunea da.
Erroldan zozketaz hautatutako hogeitamarna herrikidek osatutako bi lantalde sortuko dira. Lantalde bakoitzak galdera ezberdin bati erantzuteko zeregina izango du.
Horietako talde batean, auzoak eta herria gaiari helduko diote. Hain zuzen ere, udazkenean egindako auzoetako batzarren emaitzaren gainean jardungo dira. Zehazkiago, udalak ekimen hartan jasotako eskaerak eta atzemandako beharrak zein puntutan dauden jakin eta gero lehentasunak ezartzen jardungo du lantalde honek. Beste lantaldeak, berriz, udalak eskuartean dituen hainbat proiektu aztertuko ditu. Kasu honetan ere, egitekoa izango da proiektu horien artean lehentasunak ezartzea eta horiek hobetzeko aukerak aztertzea.

Herritarren jakintzaren bila

Lantaldeak osatzeko 750 gutun bidali zaizkie zozketaz aukeratutako 750 pertsonari, eta, izena emateko deitzen duten guztien artean 60 pertsona hautatuko dira. 60 pertsona baino gehiagok izena ematen badute, horien arteko zozketa egingo da.
Behatokian parte hartzeko ez da jorratuko diren gaietan aditua izan behar. Izan ere, herritar bezala duten ikuspegia helaraztea izango baita zeregin nagusia, egunerokoan ikusi eta bizi dutena kontuan hartuz, eta gainerako herritarrak entzunez. Lana, berriz, hiru fasetan antolatuko da, hurrenez hurren, informazioa jaso, jasotako informazioaz hausnartu eta balorazioa adierazi, eta proposamen edo ekarpenak egin.
Herri Behatokiaren lantalde bakoitza 4 alditan bilduko da, eta horiek guztiak maiatza eta ekainean izango dira. Udal arduradunek ekarpen guztiak baloratu, bideragarritasuna aztertu eta Behatokian parte hartu duten herritar guztiei erantzuteko konpromisoa hartu dute.
Hainbat dira ausaz hautatutako herritarrekin lanean aritu diren esperientziak, bai Gipuzkoan, baita nazioartean ere. Europan ikusi ditugu, besteak beste, Islandian, Belgikan (Ostbelgien, ‘G1000’ berrikuntza demokratikorako asanblada).