Errenteriako Udala eta Olatukoop lankidetzan ari dira ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan proiektu kooperatiboak bultzatzeko

Ezkerretik eskuinera: Beñat Irasuegi, Olatukoopeko eta Talaios kooperatibako kidea; Aizpea Otaegi, alkatea; Eneko del Amo, Garapen Ekonomikorako zinegotzia; eta Silvia Portela, Olatukoopeko eta Skura kooperatibako kidea.

2019-2023 Legegintzaldi Planaren oinarrietako bat tokiko ehun ekonomikoa indartzea da. Ildo horretan, gizarte-ekonomiako proiektuak bultzatzea tokiko ekonomiaren esparruan orain arte garatutako ekintzen multzoari gehitu nahi zaio.

Olatukoop, bestalde, kooperatiba-enpresen sare bat da, 2014tik ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan enpresa-proiektuak sortzen eta laguntzen diharduena.

Gaur egungo testuinguru konplexu honetan, bi eragileek pertsonen beharrei erantzungo dieten eta tokiko ehun ekonomikoa indartuko duten proiektu kooperatiboak bultzatzeko baldintzak sortzeko beharra partekatzen dute.

Lehenengo fasean, beren jarduera tokiko eskalan garatzen duten gizarte-ekonomiako proiektuen egoera aztertu ondoren, laneko eremu estrategikoak zeintzuk diren identifikatuko da. Horretarako, berariazko lan-mintegiez gain, herritarrei eta eragile sozioekonomikoei irekitako saioak egingo dira.

Orain arte egindako bidean hainbat erronka identifikatu dira, hala nola banaketa iraunkorra, digitalizazio demokratikoa, elikadura edo proiektu kultural kooperatiboak.

Horietatik guztietatik, bigarren fasean, laguntza eta akonpainamendu profesionala eskainiko dira, bi proiektu kooperatibo bultzatzeko.

Dagoeneko gaian interesa izan dezaketen pertsona eta eragileentzat edota proiektu bat martxan jarri nahi dutenentzat prozesua irekita dagoela adierazi dute. Bide horretan aurrerago eragileak eta herritarrak ahalduntzeko formazioak antolatuko dituzte.