Jose Luis Ansorena Beka emateko interpreteen lehiaketa izango da bihar

  • Publikoarentzako irekita izango dira probak

Duela bi urte hasitako bideari jarraipena emanez, Andra Mari Abesbatzak bere egoitzan hartuko du Jose Luis Ansorena Beka emateko interpreteen lehiaketa, bihar.

Musikeneko Interpretazio Klasiko eta Jazz Masterretako hamahiru gazte izango dira lehian 16:00etatik aurrera jendearentzat zabalik egingo diren probetan. Lehiaketaren irabazleak beka bat jasoko du eta kontzertu bat eskainiko du Errenterian, aurrerago iragarriko den egunean. Epaimahaiaren erabakia larunbatean bertan jakinaraziko da, probak amaitutakoan.

Jose Luis Ansorena bekaren bidez, batetik, Musikeneko Masterretako ikasleek laguntza ekonomikoa izango dute euren prestakuntzarako eta ,bestetik, Andra Mari Abesbatzak bere sortzaileak abiatutako bidetik jarraituko du talentu gazteei laguntzen eta euskal musika bultzatzen.