Errenteriako Udalak dirulaguntzen lerro berri bat jarri du abian, merkatariei, ostalariei eta zerbitzuei digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa bultzatzen laguntzeko

Argazkian: Errenteriako Udaleko, Errenkoaldeko, Errenteriako Merkatuko Merkatarien Elkarteko (EMKT), Ostari elkarteko eta merkatari independenteen talde batetako ordezkariak.
  • Deialdia hiri-ekonomiako eragileekin batera landu da eta hasierako aurrekontua 450.000 eurokoa izango da

Hiri-ekonomia osatzen duten sektoreek azken urteotan abiatu dituzten planetan ―hala nola Merkataritza Berrindartzeko Plan Berezia (PERCO), eta Errenteriako Ostalaritzaren Plan Estrategikoa― aukera gisa identifikatu dute digitalizazioa, salmenta-kanalak zabaltzeko eta erosle gazteagoengana iristeko.

Jasangarritasuna ere funtsezko elementua da. Hala, gaur egun, hiri-ekonomiari zuzenean eragiten dioten gaiak dira energia aurreztea, banaketa jasangarria, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatzea, eta, zalantzarik gabe, gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute datozen urteetan.

Ildo horretan, gaur egungo testuinguruak estrategiak bizkortu beharra ekarri du, merkataritzaren dinamismoari eusteko eta hiri-ekonomiari tresnak emateko, birmoldaketa bati ekin diezaion, jasangarriagoa, eta eskari berrietara egokituagoa.

Hori dela eta, Errenteriako Udalak, hiri-ekonomiako eragileekin lankidetzan, dirulaguntzen lerro garrantzitsu bat zehaztu du, aukera emango duena trantsizio horretan laguntzeko enpresei, batera zein banaka, eta elkarteei.

Negozio bakar bat ere ez atzean

Jarduera ekonomikoari eustea garrantzitsua da auzoak bizirik mantentzeko. Hor daude negozioetako errelebo falta, merkataritza digitalaren gorakada eta laster aplikatzen hasiko den TicketBAI, eta halakoen aurrean, Errenteriako Udalak eta Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Kontseiluko ordezkariek beharrezkotzat jo dute neurriak hartzea negozioei laguntzeko birmoldaketa digital eta jasangarriago bat egiteko bidean; ibilbide horretan, ahalegin berezia egin behar da digitalizazio-maila txikia dutelako ahulenak direnekin, edo bide-orri bat behar dutenekin, negozioan ingurumen-neurriak aplikatu ahal izateko epe ertainean.

Enpresa bakoitzeko 4.500 € arte

Dirulaguntza hauek antzeko beste dirulaguntza batzuk osatuko dituzte eta Errenteriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetako enpresek eskatu ahal izango dituzte. Era berean, taxilariek, salmenta ibiltarian aritzen direnek eta beren ekoizpenak zuzenean saltzen dituzten tokiko ekoizleek ere aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.

Diruz lagunduko dira 2021eko irailaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egindako gastuak.

Negozio bakoitzeko gehienez 1.500 € erabiliko dira eraldaketa digitala bultzatzeko, eta 3.500 € trantsizio ekologikorako ekintzetarako. Bi modalitateetarako eskabideak aurkeztu ahal izango dira, eta, gehienez ere, 4.500 € emango dira negozio bakoitzeko.

Eskaerak deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2022ko azaroaren 18a arte.