Madalenen aurreko kontzertua eskainiko du Landarbaso abesbatzak igandean

Landarbaso Abesbatzak Madalenak jaien aurreko kontzertua eskainiko du igande honetan, uztailaren 17an, Maria Magdalenaren basilikan.

Abesbatzak 32 urte daramatza Madalenen bezperan kontzertu hau antolatzen, -behin bakarrik huts egin du, pandemiaren ondorioz-, eta Maria Magdalenaren Lagunak taldearekin elkarlanean antolatu du emanaldia talde hori sortu zenetik.

Beraz, errenteriarrek jaien bezperan gogoz espero duten tradizio bihurtu da, eta jende asko biltzen duen hitzordua izan ohi da. Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, oso kontzertu polita eta hurbila izaten da.

Igandeko kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, tokiak bete arte.

Kontzertua a capella izango da eta 40 bat lagunek hartuko dute parte. Aurten, berritasun gisa, Landarbaso Abesbatzak duela egun gutxi Proventzako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan interpretatu duen errepertorioa entzuteko aukera egongo da. Bertatik hiru sari ekarri ditu taldeak besapean: abesbatza mistoetako lehen saria, eliz musikako bigarren saria eta Grand Prix saria.