Errenteriako Merkatuak marka berria aurkeztu du

Errenteriako merkatua merkataritzaren bihotza da errenteriarrentzat, eta erreferentea beste udalerri batzuetako bisitarientzat.

Hirugarren belaunaldia da, egungo merkatuak, Niessen eraikinean dagoenak, bi aurrekari izan baitzituen: azoka zaharra, Foru plazan zegoena, eta 1960an inauguratu zena, gaur egun Merkatuzar dena.

Bertako saltzaileek honako hau azpimarratu dute “gure merkatuaren hirugarren belaunaldian merkatu-eredu tradizionala belaunaldiz belaunaldi mantendu duten saltokiak daude, eta hori merkatura etortzen diren pertsonek aintzat hartzen dute”:
· Zerbitzu-bokazioa eta arreta pertsonalizatua;
· Hurbiltasuna eta adeitasuna;
· Genero-produktua eta -barietatea ezagutzea;
· Hurbileko eta sasoiko produktua;
· Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio ezin hobea.

Irudi aldaketari dagokionez, adierazi dute une aldakor batean gaudela eta, “garai berriekin, gure markaren diseinua ere aldatzeko beharra sentitu genuen”. Marka berriak, alde batetik, gaurkotzea eta egungo egoerara egokitzea islatzea nahi zutela azaldu dute, baina baita haien nortasuna eta historian zehar definitu dituzten eta oraindik ere definitzen jarraitzen dituzten balioak ere.

“Janari ona defendatzen dugu”. -Jarraitu dute- “Sasoiko elikadura eta mimoz hautatutako produktuak. Pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu sasoiko zaporeak eta sasoiko sukaldaritza berraurkitzera. Jaten duguna garelako.
Eta zer egiteko modu hoberik merkatuan elkar ikustea baino, esperientziak, ezagutzak eta zaporeak partekatzeko?
· Produktu hautatuak eta sasoiko jakiak.
· Mahaian beti elikadura onena.
· Sasoiko jaki hautatuak, zuretzako.
· Nola jan, hala izan.”

Hortik sortu zen izen berria, xumea, baina argia eta zuzena, Merkatua Errenteria, eta claim-a edo erreklamoa: Sasoian sasoikoa – Con mucho gusto

Marka horrekin, merkatua osatzen dugunak eroso sentitzen direla baieztatu dute, identifikatzen dituela uste dutela, eta, beraz, oso pozik daudela erakutsi ahal izateagatik eta errenteriar guztiekin zein bisitatzen dituzten gainerako pertsonekin partekatu ahal izateagatik.

Bestalde, Maika Martin Errenkoaldeko lehendakariak adierazi du oso pozik daudela Udalaren babesarekin hartzen ari diren dinamikekin. Errenteriak erreferentziazkoa den merkatua izatea oso garrantzitsua dela uste dute, eta aspalditik ari dira hori bultzatu nahian. Azaldu duenez, orain hainbat elementu elkartu dira, eta gaur aurkeztutako marka eman nahi diren beste hainbat urratsen parte da, Errenkoaldek merkatuak dituen ekimen guztiak babesten baititu.

Azkenik, Aizpea Otaegi alkateak adierazi du herriaren bizigarritasunaren parte garrantzitsu bat dela bere merkataritza eta ostalaritza, eta merkataritzaren esparruan identitate komertzialaren parte ezinbestekoa merkatua dela. Merkatuak merkataritza bere osotasunean dinamizatzen duela, traktorea dela eta bere ondoan egotea ezinbestekoa dela gogorarazi du, oso pieza garrantzitsua delako. Era berean, Errenteriak berrikuntzarekin eta lehen aipatutako balioekin lotutako merkataritza duela adierazi du, eta bezeroari etengabe onena eskaintzeko gogoa eta borondatea duela, “eta guk zalantzarik gabe prozesu hori lagundu behar dugu. Horretarako gaude eta guretzako ere ezinbestekoa da daukagun elkarlan markoa eta uste dugu elkarlan marko horren fruitu asko ikusten ari garela eta horretan jarraitu behar dugula etengabe onena emateko asmoarekin”. Halaber, zoriondu du merkatua egindako prozesuarengatik, lortutako emaitzarengatik eta onena emateko borondate horrengatik.

Azkenik, aipatu du Touring taldearen 100. urteurrena dela eta kamiseta berezi bat diseinatuko dela eta kamiseta horretan merkatuaren logoa txertatuko dela, bi elementu identitario oso garrantzitsuak direlako herri honetan, Touring-a eta merkatua. Aurrerago emango dute horren berri Touring-ekin batera.