‘Madalenak 1982-2006’ erakusketa, Xenpelar Etxean ikusgai

Errenteriako Udalak, Agustín Lojo errenteriarrak egindako dohaintzari esker, ‘Madalenak 1982-2006’ argazki erakusketa zabalduko du Xenpelar Etxean uztailaren 14tik aurrera.

Herritar askok borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe hainbat elementu eman dizkio Errenteriako Udalari herriaren kultur ondarea osatzeko beraien ekarpena eginez eta denon eskura jarriz.

Kasu hau da Agustín Lojorena, 1.000 argazki baino gehiagoko funtsa eman baitu dohaintzan. Erakusketa honetan ikusgai dauden Madalenen inguruko argazkiez gain, bestelako gaiak ere jorratu ditu. Adibidez, azken Bilduma udal aldizkarian (30 zkia, 2021) argitaratutako 1984an ospatutako Kilometroak ekimenarenak.

Juan Miguel Lacunza, Oarso aldizkariko Erredakzio Batzordekidea, ordea, bilduma hau digitalizatzeaz arduratu da. Horrez gain, Udalak azken urteetan jasotako beste argazki funts batzuk ere digitalizatu ditu, Zarranz edota Salaverría funtsak, besteak beste.

Erakusketa zabalik egongo da uztailaren 30a arte, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara eta Madalenetako jaiegunetan ere zabalik egongo da.