‘Kataluniar konexioa’ eta ‘Nongoa zara?’ sorkuntza prozesuen emaitza eskainiko du Atlantikaldiak

 

Jakina da Atlantikaldiak egiten duen sorkuntzaren aldeko apustua. Musika alorrean abiatu zituzten ‘Itsas elkarrizketak’ jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jarriz, nazioartekoak eta bertakoak, eta inoiz taularatu gabeko proposamenak eskainiz.

Pixkana beste diziplinetara ere heldu da ‘elkarrizketa’ hauetaz gozatzeko aukera eta gero eta gehiago dira inplikatutako eragileak. Bihar ekingo den edizioan urtean zehar landutako bi sorkuntza prozesuk ikusiko dute argia, besteak beste: Kataluniar konexioa: rumba eta beste! eta Nongoa zara? bertso saio musikatua.

Kataluniar konexioa: rumba eta beste!

[irailak 18 igandea, 11:30ean, Itsasargi Nagusian (Lehendakari Agirre plaza)]

Errenteriako Herri Arte Eskola eta Kataluniako El Prat del Llobregateko Escola d’Arts en Viuren arteko elkartrukea emaitza da.

Errenteriako Herri Arte Eskolak bigarren urtez jarraian elkartruke oparo bat burutu du Atlantikaldia jaialdiaren baitan. Iaz Galiziarekin burutu ondotik, aurtengo ediziorako Kataluniara begira jarri da eta ikasturte oso bateko hartuemanaren islada izango da emanaldia. Bi herrialdeetako doinu ezagunez osaturiko egitarau partekatua taularatuko dute 60 ikasle eta irakasleren zuzeneko parte-hartzearekin.

Maiatzean El Prat del Llobregateko Escola d’Arts en Viuko 3 musikari-irakasle Errenteriara bertaratu eta hainbat tailer eta entsegu burutu zituzten. Irailean, Herri arte Eskolako ikasle eta irakasleak ere ikasturtea hasi aurretik entseguak egin dituzte eta azken aste honetan kataluniarren etorrerarekin azken ukituak emango dizkiete piezei.

Kontzerturako prestaketez gain, gitarra ikasleek rumbari dagokion ‘ventilador’ teknikan trebatzeko aukera izan dute, euskal dantzako ikasleek zenbait kataluniar dantza ikasteko aukera izan dute, dultzaina ikasleek ‘gralla’ren berezitasunak bertatik bertara deskubritu dituzte errepertorio berri bat jotzearekin batera eta, azkenik, perkusio ikasleek rumba kaxoi flamenkoan lantzeaz gain herri dantzen akonpainamenduan tabal danborraren nondik norakoak ezagutu dituzte.

Aipagarria da, era berean, datorren maiatzean Herri Arte Eskolako ikasle-irakasleak El Praten ospatzen den Pratifolk jaialdian arituko direla euskal musika eta dantzen inguruko hainbat mintegi pedagogiko burutu eta Atlantikaldian eskainiko den emanaldia bertan eskainiz.

‘Nongoa zara?’ bertso saio musikatua

[irailak 15 osteguna, 19:00etan, Herrixkan (Foru plaza)]

Jatorri aniztasuna abiapuntutzat hartuta, aurreko ikasturtean zehar Errenteriako ikastetxe guztietako haurrekin prestatutako emanaldia da.

Ekainean zenbait sentsibilizazio saio egin zituzten. Errenteriako ikastetxeetako 16 gelatan izan ziren Jon Martin bertsolaria eta Unai Gaztelumendi marrazkilaria, ‘Nongoak zarete?’ galderari tira egin eta nortasuna eraikitzeko balio duten hainbat markaren errepasoa eginez.  Migratzeko motiboei buruzko galderak tartekatu zituzten, klaseko hizkuntza aniztasunaren errepasoa egin eta gogoetak abiatuz. Galderaz, bertsoz eta marrazkiz jaso zituzten haurren esperientziak eta Atlantikaldian oholtza gainera ekartzekotan gelditu ziren.

Bertso saio formatura ekarri dituzte han jasotakoak. Musikaz eta marrazkiz osatuko dute emanaldia. Bi saio prestatu dituzte Gari Otamendi biolin jotzailearekin batera. Saio hauek Jon Martinek gidatu eta Unai Gaztelumendik iruditara ekarriko ditu. Errenteriako haurren artean dagoen aniztasunaren ertz, zapore eta kolore ezberdinei kantatuko diete bertsolariek.

Goizean 11:00etan Herrixkan (Foru plazan) arituko dira Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariekin, eta arratsaldeko 19:00etan, berriz, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Sarriegirekin.