Genero-desberdintasunak pandemian eta pandemia ondorenean aztertzeko jardunaldi batean parte hartu du alkateak Deustuko Unibertsitatean

Asteartean, irailaren 20an, Bilboko Deustuko Unibertsitatean ‘Resistiré’ Europako proiektuaren jardunaldia ospatu zen.

‘Resistiré’ Europako proiektuaren helburua da sakon ezagutzea COVID-19 garaiko eta COVID-19 ondorengo politika publikoek Europar Batasuneko herrialdeetan (baita Serbia, Turkia eta Erresuma Batuan ere) genero-desberdintasunaren ikuspegitik izan dituzten eragin negatiboak; halaber, politika horien inpaktua arinduko duten gizarte zibileko erakundeen eta politiken jardunbide inspiratzaileak identifikatzea du xede.

Jardunaldian, besteak beste, erakunde arteko eztabaida-mahai bat egon zen. Bertan maila desberdinetako erakundeen izenean parte hartu zuten:

– Elena Perez Barredo, Laneko sailburuordea

– Sergio Murillo Corzo, Bizkaiako Gizarte Ekintzako foru diputatua

– Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteriako alkatea

Mahaia, Deustuko Unibertsitateko irakasle den Felix Arrieta Frutosek gidatu zuen.

SOS Arrazakeriaren ‘Zaintzen duten kontratatzaileak’ proiektua

Bestalde, ‘Resistiré’ proiektua kolektibo zaurgarrietan, eremu espezifikoetan, pandemiaren eragina murriztea xede duten proiektu pilotuak finantzatzen ari da. Eta 2022rako deialdian, aurkeztu ziren proiektu ugariren artean, aukeratutako lau proiektuen artean dago SOS Arrazakeriak aurkeztutakoa.

Proiektu pilotu horren izena da EMPLOYERS WHO CARE / ZAINTZEN DUTEN KONTRATATZAILEAK.

Proiektuaren helburua da etxeko langileen lan-baldintzak modu positiboan aldatzen laguntzeko kontratatzaile “konprometituak” bilatzea, saretzea eta zer egin dezaketen identifikatzea.

Proiektu pilotu honen baitan egindako lana azaltzeko eta hemendik aurrerako urratsen inguruan eztabaidatzeko jardunaldia antolatu du SOS Arrazakeriak Errenterian azaroaren 4an.