Datorren astean komunitate energetikoak gai nagusitzat edukiko dituen ‘Asteklima’ ekimena izango da

Argazkian: Jose Manuel Ferradas, Ingurumen zinegotzia, eta Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia.

Errenteriako Udalak hainbat ekimen burutu ditu azken urteotan energia eta klima-aldaketaren inguruan. Ekintza hauetariko asko udalak herrian burutzen dituen lanak dira, hala nola: LED motako kale-argiteria instalatzea, udal-eraikinetako energia-kontsumoa murrizteko neurriak ezartzea, eguzki panelak ezartzea eraikin publikoetako teilatuetan, etab.

Beste ekimen batzuk, ordea, herritarrekin elkarlanean burutu ditu. Hauen artean aipatzekoak dira Klimaren eta Energia Iraunkortasunerako Ekintza-plana eta Energia Berriztagarrien Komunitatearen sortzea.

Urrats horiek emanda ere, nabarmenak dira, energiaren garestitzeak eta klima-aldaketak gizartean dituen eraginak. Hori dela-eta, esparru honetan herritarren eta herriko-eragileen inplikazioa ezinbestekotzat du Udalak.

Horretarako, Euskadiko beste hamaika udal eta erakunderekin batera, Asteklima izeneko klimaren astea antolatu du Udalak irailaren 26tik 30era. Aurtengo Errenteriako Asteklima ekimenaren ardatz nagusia Energia Komunitateak izango dira. Herrian jada Errenteriako Energia Komunitatea sortzeko oinarriak zehaztu dira, eta horren berri izateko aukera egongo da. Bestalde, beste herrietako esperientziak ere ezagutzeko parada egongo aurtengo Astekliman.

Publiko orori zuzendutako honako jarduerak izango dira Errenteriako Astekliman:

  • Irailak 26: ‘Nik maite dut natura’ ipuin kontalaria. Mendiak, itsasoak eta animaliak protagonista dituen kontakizun honek, klima-aldaketaren aurrean naturaren zaintzak orain inoiz baino garrantzia handiagoa duela ohartaraziko die ikusleei. 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta badago ere, edozein adinetako pertsonentzako egokia da.

Tokia: Lekuona Fabrikako 1. Solairuko plaza berdea.

Ordutegia: 17:30 – 18:15

  • Irailak 27: ‘Energia-komunitateak eta Autokontsumoa’ hitzaldia, Goienerren eskutik. Energia-komunitatea eta autokontsumo kolektiboa landuko dira modu orokorrean. Autokontsumo modalitateak ere azalduko dira.

Tokia: Reina Aretoa.

Ordutegia: 18:30

  • Irailak 28 – 30: ‘Klima-aldaketari aurre’ erakusketa. Klima-aldaketaren nondik norakoak ezagutzera emateko erakusketa da, 24 muraletan zehar eragileak, eraginak eta irtenbideak jasotzen dituena: Errenteriako Klimaren eta Energia Iraunkorrerako Plana, Energia Berriztagarrien Komunitateen sorrera, etab. Bertan teknikari bat egongo da, hurbiltzen diren pertsonei azalpenak emateko.

Tokia: Udaletxeko arkupea.

Ordutegia: 10:00 – 13:30

  • Irailak 29: ‘Energia-komunitateen esperientzia praktikoak’ hitzaldia. Enherkom Hernaniko Energia Berriztagarrien komunitatea eta Ekindar Azpeitiako Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko prozesuaren nondik norakoak jakiteko aukera egongo da bertakoen eskutik. Horrekin batera, Errenterian urte hasieran abiatutako Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko prozesua nola dagoen ezagutzera emango dute.

Tokia: Reina Aretoa.

Ordutegia: 18:30

Informazio gehiago ingurumena.errenteria.eus eta herribizia.errenteria.eus webguneetan aurkitu daiteke.

Asteklima Errenterian eta Euskadin

Aurtengoa Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du ekimena, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez, herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko.

Irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean ospatzen den edizio honetan, Errenteriarekin batera, hainbat udalerritan 139 jarduera inguru antolatu dira klima-aldaketa herritarren egunerokotasunean jarri eta kontzientzia pizteko.

Edonola ere, Errenterian energia eta klima-aldaketaren inguruko lanketa ez da berria. 2012an “Alkateen Ituna” sinatu ondoren, 2015 urtean Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana onartu zuen Udalak, 2020rako berotegi efektuko gasak % 20 murriztu asmoz (2007 urtearekiko). Honekin batera, 2015ean Nazio Batuen Compact of Mayors ekimenarekin bat egin eta, 2019an, Klima-aldaketara egokitzeko Errenteriako Plana onartu zuen.

2021ean, Errenteriako Udalak alkateen eta alkateen itun ekimenari atxikitzeko konpromisoak berritu zituen eta 2022ko maiatzaren 3ko Tokiko Gobernu Batzordean, Errenteriako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-plana (KEIEP,2020-2030) onartu zuen. Planak 148 ekintza ditu, 126 arintzekoak eta 22 egokitzekoak. Horiek, gehienbat, 4 ildotan biltzen dira:

  • Eraginkortasun energetikoa,
  • Mugikortasuna
  • Berriztagarriak (arintze-ekintzetan)
  • Hiri-ingurunean eta azpiegituretan egokitzeko ekintzetan.

Planaren osaketan herriko eragile eta herritarrek parte hartu dute. Berau garatzeko Udal mailako 24,8 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da eta 2030 urterako Berotegi Efektuko Gasen isurketak % 56an murriztea du helburu (2007 urtearekiko).

Horretaz gain, hainbat sentsibilizazio jarduera antolatzen ditu Udalak: 2015etik “Planetaren ordua” izeneko ekimenarekin bat egiten du urtero Udalak eta, 2017az geroztik, Europako Energia Iraunkorraren astearekin. Euronet 50/50 proiektua ere bultzatzen du Udalak herriko zenbait ikastetxeetan.

Izan ere, norberak bere eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez, planetaren eta bertan bizi garenon ongizatearen aldeko urratsak emango ditugu.