Udazkeneko elikadurari buruzko tailerra izango da larunbatean

Irailaren 24ean, 11:00etatik 13:00etara, udazkeneko elikadurari buruzko ikastaroa izango da Reina Aretoan. Kimu Bat Taldeak, Ekogunea eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin antolatutako saio hau, Amaia Diaz de Monasterioguren eta Amaia Aierbe nutrizionistek zuzenduko dute. Familia osoarentzako eta garaiko produktuekin egindako elikadura-plan orekatua lantzen erakutsiko diete hurbiltzen diren pertsonei.

Pertsona bakoitzaren elikadura-beharrak urtaroaren arabera aldatzen doaz. Norbanako bezala ere behar desberdinak dira. Gorputzak, gabezia desberdinak ditu sasoiaren arabera, egunero dugun dietaren arabera. Askotan, batzuentzako onuragarriak diren elikagaiak kaltegarriak izan daitezke beste batzuentzako. Hortaz, onuragarriak edo kaltegarriak zaizkigun produktuak identifikatzen lagunduko diete hizlariek tailerrean parte hartzen dutenei.

Aldi berean, naturak eskaintzen dizkigun garaiko elikagaiak ezagutzen eta hauei etekina ateratzen ikasiko dute bertaratzen direnek. Beste zenbait tresnekin batera, bakoitzaren beharretatik elikadura orekatu bat eraman ahal izateko ezagutzak landuko dira, norberaren ongizatea osotzeko gako gisa.

Tailerra doakoa izango da eta sarrera librea da.