Orereta eta Oiartzo ikastolek berrikuntzekin hasi dute ikasturtea

Orereta eta Oiartzo ikastolek berrikuntzekin hasi dute ikasturtea.

Alor pedagogikoari dagokionez, ikastolako arduradunek adierazi dute ahalegin berezia egin duela inoizko baliabide pedagogiko gehien izateko. Horren adibide dira, batetik, DBHko Curriculum Anitzeko Gelak egonkortzea 3. eta 4. mailetan, inklusibitaterantz pauso bat gehiago emanez. Bestetik, HIPI programari (hizkuntza indartzeko programari) berariazko hauspoa eman zaio Euskal Herrira iritsi berriak diren eta euskaraz ez dakiten ikasleentzat hizkuntza ez dadin ikasketa-prozesurako traba eta zailtasun izan, ahal den heinik handienean. Gainera, hezkuntza-berrikuntzarako irakasle talde eta erreferenteak egituratu eta indartu dira.

Aipatutakoaz gain, Linoko eraikineko (HH4 eta HH5) jangela eraberritu da. Ohiko eskola-orduz kanpoko jarduna hezkuntza proiektuan ahalik eta gehien txertatzeko bidean aurrerapauso bat gehiago emateko helburuz, ikasleen neurriko altzariak jarri dira eta haurrak beraiek otorduan subjektu aktibo izateko baliabideak ipini dira.

Ikastola josten ari den lankidetza sare jasangarrian azpimarra jarri dutela adierazi dute arduradunek. Orereta Ikastolaren balore eta ezaugarriei jarraiki, bertakoak, irabazi asmorik gabeak, kooperatibak, euskaran eta euskal kulturan ardazten direnak… diren eragileekin elkarlana sendotzen ari dira. Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibarekin jada bazuten elkarlanaz gain, gaur egun Errigorarekin, Gureak-ekin eta Inikarekin ere badute lankidetza. Jangelarako jaki eta produktuak erosten dizkiete lehenari. Gureak-en bitartez etorritako lankide bat gehitu dute jangelako lantaldera. Eta Inika erabiltzen hasi dira Ikastolako kudeaketa tresna gisa, Euskal Herrian sortu, garatu eta aritzen den plataforma delako, gertuko arreta eskaintzen dielako eta euskaraz aritzen direlako arduradunekin; denak ala denak Ikastola izaera eta ereduarekin bat egiten duten ezaugarriak – azaldu dute.

Kilometroak 2023, Errenterian

Igandean, urriaren 2an, Ibarrako Uzturpe Ikastolak datorren urteko Kilometroak antolatzeko testigua pasako dio Orereta Ikastolari. Orduan hasiko da ofizialki, Ikastolaren historian hirugarren aldiz, Gipuzkoako Ikastolen festa ontzeko bidea, bere 60. urteurrenarekin bat eginez.

Kilometroak egun bakarreko festa handi bat izatetik hitzordu txiki gehiagoko ekimena izatera pasatzen ari da. COVID-19ak eragindako pandemia tarteko, Ibarrako edizioa izan da proposamen berriaren lehen umea. Horri handitzen, sendotzen eta bidea egiten lagunduko dio Orereta Ikastolak, herrikideekin elkarlanean; hori baita Kilometroak 2023ren asmo nagusietako bat: komunitatea indartzea. Ikastolak adierazi du hala nahi duen herritar edota eragile oro izango dela ongi etorria ibilbidera.