Zumardiak Errenteriako XVII. Landalurraren Azoka hartuko du larunbat honetan

Larunbata honetan, urriaren 15ean, Errenteriako XVII. Landalurraren Azoka antolatu dute Errenteriako Udalak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak. Azokaren ordutegia, goizeko 9:30etik 14:30era izango da.

Modu honetan, larunbatean Errenteriako Gamon Zumardia herriko lehen sektorearen erakusleiho bihurtuko da. Goizean zehar bertako produktuen azoka egingo da: besteak beste, Eguzkiborda baserriko Idiazabal Jatorri Izendapeneko. ardi-gazta eta barazkiak, Aparola baserriko barazki eta frutak eta Bordazar baserriko jogurtak. Zenbait erakusketa ere izango dira (abere erakusketa, erlea eta erlezaintzaren inguruko erakusketa, mota ezberdinetako eztien dastaketarekin, Errenteriako Eskola Agenda 2030, eta konpostajea egiteko udal egitasmoak) aurtengo azokan. Horretaz gain, Errenteriako Talogileak Elkarteak taloak eskainiko ditu, azokara hurbiltzen direnek hauek dastatzeko aukera paregabea izanik.

Horretaz gain, adin guztienzako tailerrak egongo dira goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara: 11:00-13:00 bitartean haurrentzako landaketa eta lore prentsatu tailerra izango da eta 12:00-13:00 bitartean helduentzat ‘Haziak ereiten tailerra’.

Izenak dion bezala, Errenteriako lehen sektoreak parte hartzen duen herri mailako azoka da eta bere helburua Errenterian lan egiten duten nekazal arloko enpresak ezagutaraztea eta egiten duten lana aitortzea da. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, lehen sektorea dela inguratzen gaituen landa-paisaia mantentzearen arduradun, eta kalitateko elikagaiez hornitzen dituztela gertuko merkatuak eta saltokiak.

Aipatzekoa da, halaber, landa-azokaren antolaketan beste hainbat eragilek ere parte hartzen dutela, hala nola: Gipuzkoako Erlezainen Elkartea, Artelatz eta Euskal Herriko Hazien Sarea.