Kilometroak 2023 jaiaren leloa eta irudia aurkeztu dituzte

  • ‘Erriola’ izango da Orereta Ikastolak 2023 urtean antolatuko duen Kilometroak jaiaren leloa. Irudia ere ezagutarazi zuten Lekuona Fabrikan ostiralean egin zen aurkezpen ekitaldian

Joan den ostiralean egindako ekitaldian Kilometroak 2023ren ikur izango diren leloa eta irudia aurkeztu zituzten.

HHtik hasi eta DBHra bitarterako Orereta Ikastolako ikasleak igo ziren taula gainera, baita ikasle ohi, familia eta langileak ere. Ikastolaren sorreran parte hartu zutenen eta ikasle gazteenen arteko transmisioa irudikatu zen; eskertza.

Eta herriko hainbat eragilek ere hartu zuten parte ikuskizunean, besteak beste, Zaria abesbatzak, Ereintza dantza taldeak, Errenteriako Musika Bandak eta Kukaik. Herritik sortua eta herriarentzat lanean ari da ikastola, euskaratik eta euskal kultura ardatz.

Arduradunek azaldu dute Kilometroak ez dela ikastolarentzat soilik egingo den jai bat; euskararen inguruan herrian proiektu bat aurrera eramateko baliabideak jarri nahi dituela.

Ikastolako komunitatea indartzea ere izango da aurtengo Kilometroaken beste helburu bat, ikastola osatzen duten guztientzat erreferentziazko gune den Añabitarteko baserria berritzea baita asmoa eta denen arteko elkarlana sustatzea.

Lekuona Fabrikaren kanpoaldean amaitu zen ikuskizuna, bandaren doinuekin, herritar guztien gozagarri.

Leloa eta irudia

Erriola da aukeratu den leloa: errioa eta iola; herria eta ikastola. Historia eta nortasuna irudikatu nahi dituen lema.

Izan ere, azaldu dute antolatzaileek, nortasuna du errioak Errenterian. Herriaren erdigunetik pasatzen delako, bizimoduaren erdigunean egon delako, erdiguneak sortu dituelako. Erriotik, herri.

Eta logoa ere ez da sinbolo hutsa: bertan daude errioko uraren gorabeherak, faktoriak eta etxeak, hor daude ur-bazterrak, islak eta zubiak. Hor daude piezak, bakarka beren izaera dutenak eta elkarrekin beste zerbait josi eta sortzen dutenak.

Urte osoko festa

Kilometroak egun bakarreko festa handi bat izatetik urte osoan zeharreko hitzordu txiki gehiagoko ekimena izatera pasa da. Aurkezpen ekitaldirako egindako ikuskizuna lehena izan da, Kilometroak 2023 egitasmo zabalaren harira egingo diren jai ugarien antolaketaren lehen mugarria.

Denda

Jaiaren harira propio egindako arropa berria ere taula gainean erakutsi zuten, eta salgai dago larunbatean zabaldu zuten dendan, Herriko plazako 11. zenbakian.