Kale- eta basa-animaliei jaten ematea debekatuta dagoela gogorarazi du udalak

Kaleko katuei, ahateei, usoei, kaioei edo bestelako kale- zein basa-animaliei jaten ematea debekatuta dagoela gogorarazi du Udalak, Animaliak babesteari eta edukitzeari buruzko eta Etxeko eta Merkataritzako Hondakinen Errenteriako udal-ordenantzek jasotzen dutenez. Gainera, jakinarazten du, arau hauste hau 750 eurora arteko isunarekin zigortua dagoela.

Izan ere, kale- eta basa-animaliei jana uzterakoan, beraien berezko izaera aldatzen da, beren aldetik behar duten janaria bilatzeari uzten diote, eta dietarekin lotutako gaixotasunak sortzen zaizkie. Horretaz gain, utzitako janariak arratoiak, eltxoak eta jatorri animaleko beste izurriteak erakartzen du, auzoetako osasun publikoarentzako arazo gune larria bilakatuz.

Herrian animaliei jaten ematearen lege-haustea ohikoa bihurtu diren guneetan seinaleak jartzen ditu Udalak, oraindik hainbat herritarrek jokaera desegokia dutela azpimarratu du Udalak.

Hori dela eta, Errenteriako Udalak kale- eta basa-animaliei janaririk ez emateko eskaera luzatzen die herritarrei, herria garbi mantendu eta bioaniztasuna modu egokian babesteko.