76. Gabon Abestien Sariketa Probintziala ospatuko da ostegunean

Ereintza Elkarteak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak Gabon Abestien Sariketaren 76. edizioa antolatu dute aurten. Gabonetako abesbatzen lehiaketa hau abenduaren 29an, ostegunean, ospatuko da Errenteriako Galtzarabordako Udal Kiroldegian. Oraingo honetan ere, aurrez aurreko ekitaldi bat izateaz gain, pandemia garaian sortutako formatu birtuala berreskuratuko da, ikusleek nahi izanez gero online ikusteko aukera eduki dezaten.

Horretarako, ekimen hirukoitza proposatu dute:

  • 12:30etan Horra, Horra¡ V. belaunaldi arteko Eguberriko kontzertua
  • 19:00etan Gabon abestien lehiaketa abesbatza helduentzat
  • Gabon Sustraiak lehiaketa birtuala

Eguerdiko HORRA, HORRA! Kontzertua

Bi belaunaldi ezberdinetako pertsonak batera interaktuatzea eta amankomunean esperientzia bizitzea da kontzertu honen helburua.

Ekitaldiaren aurkezpena Lourdes Urangak egingo du.

Ondorengoak izango dira goizeko jardunaldian parte hartuko duten abesbatzak:

  • Donostiako Aita Donostia Abesbatza
  • Donostiako Cum Jubilo Abesbatza
  • Truintxerpeko Ibaiertz Abesbatza
  • Trintxerpeko Illumbe Abesbatza
  • Errenteriako Zariatxo Abesbatza
  • Errenteriako Zariagaz Abesbatza

Musikariak:

  • Erlantz Fernández, Nikolas Zubia, tronpetak
  • Eider Gaztañaga, tronpa
  • Miguel Sansiñena, tronboia
  • Andoni Moñux, tuba

Dantzak bi bloketan eskainiko zaizkigu:

Lehenengoan Gipuzkoako Dantzak eta bigarrenean Eguberriko Zortzikoa + Ereintzako Soka Dantza.

Arratsaldeko abesbatzen jaialdia

Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, helduen abesbatzen gabon kanten lehiaketari emango zaio hasiera. Pandemiaren ondorioz, bi urte igaro dira lehiaketa normaltasunez egin gabe eta aurten lehiaketa presentzialaren formatuari ekingo zaio berriro ere, haren prestigioa berreskuratu nahiean.

Ekitaldiaren aurkezpenaren arduraduna Garazi Urdanpilleta izango da.

Gainera, sei abesbatza dira izena eman dutenak eta guztira 200 lagun inguru arituko dira kantuan:

  • Errenteriako GARRINTZI Abesbatza
  • ZARAUTZ ABESBATZA
  • Errenteriako GAZTE KEMENA Abesbatza
  • Errenteriako GALTZAGORRI Abesbatza
  • Villabonako ERESARGI Abesbatza
  • Donostiako IESU Abesbatza

Emanaldia are gehiago indartzeko, Ereintza taldeak ere bat egin du ospakizunarekin eta 15 minutuko emanaldia eskainiko du, non Agurra, Mazurka, Txotisa eta Fandango eta Arin Arina dantzatuko dituen.

Gabon Sustraiak lehiaketa birtuala

Azkenik, Gabon Sustraien III.lehiaketa on-line fomatuan burutuko da, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan inskribatuak dauden abesbatzei eta munduko euskal diasporako abesbatzei zuzenduta.

Herri bakoitzeko Gabon kanta herrikoiak bideo batzuen bitartez on-line formatoan interpretatzean datza, normalean herri horretatik kanpo ezezagunak izan ohi direnak.

Orain arte gure musikagileen interesik piztu ez duten antzinako doinu horiek berreskuratu, garatu eta Gabonetako euskal abesbatzen bildumean sartu nahi dira. Horregatik jarri diote ‘Gabon Sustraiak’ izena ekimenari hain zuzen ere.

Parte hartuko duten abesbatzek bideo bat grabatuko dute eta 3 sarietako bat irabazteko aukera izango dute. Irabazleak abenduaren 29an jakinaraziko dira, arratsaldeko saioan, helduen lehiaketako sariak banatu aurretik.

Sarrerak

Sarreraren prezioa 15 urtetik gorakoentzat 2 eurokoa izango da goizeko kontzerturako eta 3 eurokoa arratsaldeko saiorako. Ereintza Elkarteko bazkideek doako sarrera izango dute, baina txarteldegian bertan hartu beharko dute sarrera euren bazkide-txartela aurkeztuz.