Hegaztien migrazioa ezagutzeko Txingudiko badiara irteera antolatu du Errenteriako Udalak

Txingudiko padurek hegaztien migrazioan duten nazioarteko garrantzia ezagutzera emateko txangoa antolatu du Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak (Ibaiaren Etxea). Bisita gidatua Plaiaundiko Ekoetxean izango da, urtarrilaren 14an, 10:00etatik 11:30ak arte. Bisita doakoa da, baina urtarrilaren 11 baino lehen eman behar da izena.

Plaiaundi 1998an leheneratu zen, Txingudi zaintzeko lehen urratsa izanik. Antzinako padura bat da, XX. mendearen azken herenean biziki eraldatu zena, bertan egin ziren betelanak eta erabilera marjinalak direla-eta. Gunea leheneratzeko proiektuari esker ia 24 hektarea berreskuratu ziren eta estuarioaren erdialdean zein goialdean ohikoak diren habitatek osatutako mosaiko bat sortu da: goi padura eta behe padura, ur gezako aintzirak, ibarbasoa eta baso mistoa, belardi hezeak eta heskaiak.

Txingudik nazioarteko aintzatespena lortu du; izan ere, Europako legegintzaren araberako Natura 2000 Sarearen parte diren Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendapenak ditu. Horretaz gain, Nazioarteko Garrantziko Hezeguneak biltzen dituen Ramsar Hitzarmenean barneratua dago, hezeguneak babesteko nazioarteko hitzarmen garrantzitsuenean.

Horretaz gain, Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak (Ibaiaren Etxea) gogorarazten du, hileko bigarren asteburu guztietan bezala, urtarrilaren 7an eta 8an ere bere ateak zabalik izango dituela 10:30etatik 14:00etara, bere barrualdea eta funtzionamendua ezagutu nahi dituenarentzat. Honetarako ez da beharrezkoa izena ematea.

Informazio gehiagorako eta izena emateko:

turismoa@oarsoaldea.eus / 943 494 521
galemysfanderia@gmail.com / 690 720 264