Argiteria mota jasangarriagoa ezarriko du Udalak hainbat udal-eraikin eta -azpiegituretan

Errenteriako Udalak LED motako argiteria ezarriko du ondorengo udal-eraikin eta azpiegituretan: Cristobal Gamon, Koldo Mitxelena (Biteri), Koldo Mitxelena (Markola) eta Pio Baroja ikastetxeetan; Gabierrotako Ludotekan; Bake epaitegian; Agustinetako jubilatuen eraikinean; Merkatuzarreko bulegoetan; eta Fanderia Futbol Zelaian.

Horretarako, jasangarriagoa den LED motako hornidura eta instalazioa lizitatu du Udalak. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 306.270,24 €-koa da (% 21eko BEZa barne). Interesa duten enpresek kontratazio publiko honi buruzko baldintzak eta oinarriak kontsultatu ditzakete Euskadiko Kontratazio Publikorako plataforman.

Errenteriako Udalak energia arloan burutuko duen jardueretako bat da hau. Izan ere, berriki, Next Generation funtsen laguntzarekin, bost udal-eraikinetan eguzki plakak ezartzeko lizitazioa argitaratu zuen Udalak, 430.504,76 euroko lizitazio aurrekontuarekin.

Mota honetako jarduerekin Udala Errenteriako Tokiko Agenda 21en Ekintza-planean eta Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-planean jasotako konpromisoak betetzen doa. Horretaz gain, Errenteriako Udalak “Alkateen Ituna” izeneko ekimenean parte hartzen duenez, bertan jasotako Berotegi Efektuko Gasen murrizketarako konpromisoa ere agerian uzten du.