Oiartzun ibaiko barandetan sare-babeslea jarri du Udalak plastikozko hondakinek ibilguan ez amaitzeko

Oiartzun ibaiaren bazterretan dauden baranden beheko aldean metalezko txapa zulatua ipini du Errenteriako Udalak Iztieta, Erdialdea, Gabierrota eta Fanderia auzoetan. Orotara 1.029 metro lineal ezarri ditu bide publikoan utzitako hondakin solidoak, batez ere plastikoak, Oiartzun ibaira isurtzea saihesteko.

Hondakin horietako asko plastikoak dira eta Kantauri itsasoan amaitzen dute, bertako habitatei, florari eta faunari eraginez.

Udalak adierazi du Errenteria garbiago baten alde lan egiteko konpromiso sendoa duela eta ez duela etsiko hondakinen kudeaketaren arloan jardunbide txarren kontrako etengabeko ahaleginean.

Hori dela eta, Udalak dei berezia egiten die hondakinak botatzen dituzten herritarrei, hauen bilketa eta kudeaketa egokian modu aktiboan parte har dezaten.