“Energia, bizitzaren motorra” lelopean ari dira Errenteriako ikastetxeak Eskolako Agenda 2030 lantzen

Eskola Agenda 2030 programaren bi urteko zikloari hasiera eman diote ikasturte honetan eta, ohikoa den moduan, Errenteriako ikasleek ikastetxeetako jasangarritasuna lantzen jarraitzen dute, herriko egoera ere aztertuz. Aurten Nazio Batuen 7. Garapen Jasangarrirako Helburua (Energia, eskuragarri eta ez-kutsatzailea) jorratzeko antolatuko dituzten jarduerak burutuko dituzte.

Honela, herriko eta ikastetxeetako ikerketak burutu, energia-erabilera aztertu eta hiri jasangarri baten alde eman beharreko urratsak eztabaidatuko dituzte. Berritasun gisa, datorren ikasturtean abian jarriko den ekintza-plan bat diseinatuko dute ikasleek ikasturte honetan, beren ahalduntzea sustatuz eta Udalak energia arloan daraman prozesuaren parte aktibo bihurtuz.

Ikasleek argi dute energiak mundua mugiarazten duela eta beharrezkoa dela egunerokotasuneko edozein ekintza egiteko. Energiarekin lotutako egungo egoera ez da nolanahikoa, batez ere gizarte arloari dagokionean: milioika pertsona bizi dira elektrizitaterik gabe, eta munduko biztanleriaren heren batek baino gehiagok erregai kutsatzaileak erabiltzen ditu janaria prestatzeko, haien osasuna asko kaltetuz. Beste askok berriz, kutsatzaileak diren energia iturriak erabiltzen ditu.

Energiarekiko mendekotasuna hain da handia, nazioen artean arazo ugari sortzen dituela: energia-krisia, klima-larrialdia, klima-migrazioa, energia-txirotasuna, … Argi dago egungo energia-kontsumoa mantentzea ezinezkoa dela.

Ondorio kaltegarri horiei aurre egiteko alternatiba ugari daude, hala nola: kontsumo jasangarria, energia iturri berriztagarriak, energia subiranotasuna, desazkundea, komunitate energetikoak, etab. Ikasleek gogorarazi dute horiek guztiak errealitate bihurtzeko garaia iritsi dela, berandu izan baino lehen.