Touring Kirol Elkarteak 100. urteurrenaren ospakizunei hasiera emango die urtarrilaren 27an, aurkezpen ekitaldi batekin

Touring Kirol Elkarteak ehun urte beteko ditu aurten, zehazki ekainaren 22an, eta mendeurrena ospatzeko ekintza programa anitza antolatu dute urte osorako.

Elkartearen arduradunek adierazi dute urteurrenean herritar guztiek parte hartzea dela nahia, izan ere, “Touring K.E.arena ez ezik, herri osoaren urteurrena baita. Touring herrian sakon errotutako taldea dugulako”.

Ospakizunak urtarrilaren 27an hasiko dira, ostiralean, 19:30ean Lekuona Fabrikan egingo duten aurkezpen ekitaldi batekin.

Inaugurazio ekitaldiak ikuskizunak, musika zuzenean Aitor Zorzano musikariaren eskutik, dantza Ereintza Dantza Taldearen partaidetzaz, bertsoak, elkarrizketak…. guztiak bilduko ditu. Gainera, kirol elkartearen historia jasotzen duen liburua -Txema Arenzanak gidatutako erredakzio taldeak idatzitakoa- eta ereserki berria aurkeztuko dituzte. Aitor Mitxelena, Errenteriako Musika Bandako zuzendaria, da ereserki berri horren konpositorea, Iñigo Legorburu hitzaren egilea eta Errenteriako Musika Banda eta Andra Mari Abesbatza grabazioan entzungo diren musikari eta abeslariak. Gainera, duela gutxi aurkeztu zuten urteurrenerako Ibon Izagirre errenteriarrak sortutako logoa.

Horretaz gain, urte osoan zehar antolatuko dituzten ekintzen berri emango dute datorren ostiraleko ekitaldian, eta sorpresaren bat edo beste ere egongo da.

Inaugurazio ekitaldira bertaratzeko gonbidapenak urtarrilaren 23tik aurrera egongo dira eskuragarri sarrerak.errenteria.eus webgunearen bidez, edo Lekuona Fabrikako harreran.

Aizpea Otaegi alkateak adierazi du Touring badela kirol klub bat, baina bere ustez herriko ikur bat ere badela denontzat. Nabarmendu du badagoela Touring-en aldetik ahalegin bat herritar guztiek goza dezaten eragile eta herrikide askorekin batera antolatutako urteurren honetaz, eta berak ere urteurrenaz gozatzeko gonbidapen hori luzatu du alkate gisa.

Urte osoan zehar antolatuko diren ekitaldiei dagokienez, Touring K.E-ren arduradunek azaldu dute asmoa dela hilabetero ekintza bana eskaintzea eta informazioa ematen joango direla, baina aurrerapen bat eskaini dute:

Otsailean ikusgai izango da ‘1923 – 2023 Touring KE 100 Urteurrena’ argazki erakusketa Xenpelar Etxean, Iñaki Erkiziaren gidaritzapean. Martxoan emakumeak izango dira protagonista, azken urteotan Touring K.Eko emakumeen ibilbidea omentzeko ekitaldia medio. Apirilean, alebinen txapelketa berezia egongo da. Ekainaren 24ean ospakizun ekitaldi izango da, herriko kultur eragile askoren partaidetzarekin. Uztailean, herriko jaiekin batera, haurrentzako joko eta ekimenak. Abuztuan, Errenteria Hiria Futbol Txapelketa. Irailean, “Touring Pintxo Bereziaren” txapelketa. Urrian, Zuhaitz Gurrutxagak sortutako “FUTBOLISTOK” antzezlanaren aurkezpena Errenterian. Azaroan, Touring K.E osatzen duten talde guztien aurkezpena. Amaitzeko, urtean zehar egon diren ekimen guztiak laburtzen dituen ekitaldia egingo dute abenduan.