Euskarazko film laburren XX. zirkuitua ospatuko da aurten

Martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean ospatuko da euskarazko film laburren XX. edizioa, eta 33 emanaldi izango ditu, 31 herri ezberdinetan. Martxoak 16an iritsiko da Errenteriara, Lau Haizetarako egoitzan (Madalen kalea 27, behea), arratsaldeko 18:00etan, antolatzailea Lau Haizetara elkartea izanik.

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Bi helburu argiekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan; alde batetik, euskarazko sortzaileen lana ezagutarazteko eta, bestetik, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzeko.

Irunen abiatuko dute zirkuitu ibiltaria, eta Aretxabaleta zein Ordizia izango ditu helmuga. Hainbat saiotara, aurkeztuko dituzten filmen zuzendariak gerturatuko dira.

Ondorengo 7 film laburrek osatuko dute ekimena aurten:

  • Muskil (Marina Pedrosanz)
  • Olatuen Isiltasuna (Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin)
  • Irrits (Maider Oleaga)
  • Erlojupekoa (Leire Egaña)
  • Hitzak (Josu Martinez)
  • Asko falta da? (Ane Cuesta)
  • Kuadro goriari heldu (Iulen Arana)