Datorren astean izango da Herri Arte Eskolan izena emateko epea

  • 2023/2024 ikasturtean berrikuntza interesgarriak egongo dira eskaintzan

Herri Arte Eskola bi ikasturte betetzear da eskolaren norabide berri esanguratsua martxan jartzeari ekin zionetik eta bete-betean dago hirugarrenera begira. Hori dela eta, matrikulazioa datorren astean burutuko da, on-line. Beraz, ikasle berriek zein jada badirenek eta ikasgai berriak eskatu nahi dituztenek apirilaren 24tik maiatzaren 1era bitartean egin beharko dute plaza eskaera. Azken urteotako eskaintza berri guztia www.arteskola.eus helbidean bistara daiteke eta baita taldeko ikasgaien behin-behineko ordutegiak ere. Prezioak erabiltzailearen gaitasun ekonomikora egokituak izango dira.

Askotariko eskaintza eta berrikuntza interesgarriak

Azken bi ikasturteetan 5 diziplina artistikotan aritzeko aukera eskaini zaie 8 urtetik aurrerako umeei (Musika, Dantza, Antzerkia, Arte Plastiko-Ikusizkoak eta Hitza), dantza espezialitate, ikasgai eta instrumentu berriak ematen hasi dira, eta 4-7 urtekoentzako Hastapen Artistiko Multidiziplinarra ere abiarazi da.

23/24 ikasturterako ere hainbat berritasun interesgarri jarriko dira martxan. Eskaintza berri oparoena Arte Plastiko-Ikusizkoetan izango da ikasgai hauekin: 8-12 urte artekoentzako ‘Sormen proiektuak I eta II’, 12-14 urte bitartekoentzat ‘Marrazketa-Komikia-Animazioa’ eta ‘Argazki eta Soinu Laborategia’ ikasgaiak, 15-17 urtekoentzako ‘Ilustrazio esperimentala-Autoedizioa-Fanzinea’ eta ‘Bideoartea eta Soinu-instalazioak’ ikasgaiak eta 12-17 adin tarterako ‘Pintura-Teknika Mistoak-Muralgintza’ ikasgaia. Musikaren alorrean ‘Alboka-Txistu-Dultzaina 3×1!’ instrumentuak saio berean talde txikietan ikasten hasteko aukera egongo da 8 urtetik aurrera (helduak barne) 3 instrumentu hauek deskubritzeari ekin nahi dietenentzat, 12-18 urte bitartekoek ‘Musikal’ batean parte hartzeko aukera izango dute ahotsa, gorputz adierazpena, irudimena eta eszenaratzea landuz, eta, bestalde, lehen aldiz jazz-ak eta inprobisazioak ere hezkuntza proiektuan tokia izan dezaten, ‘Big-band’ bat eratu nahi da. Antzerkian adinaren araberako taldeak eratuko orain arte bezala 8-17 urte bitarteko ikasleentzat sormenean, talde elkarrekintzan, ahots zein gorputzarekin ahaldundu daitezen eta helduentzako ‘Hastapen’ eta ‘Laborategia’ taldeak bideratuko dira helburu nagusi berberekin. Dantzaren eremuan 5 espezialitatek zabalik jarraitzen dute: ‘Klakea’, ‘Balleta’, ‘Garaikidea’, ‘Euskal-dantza’ eta ‘Urbanoa’. 12-18 urte bitartekoek, gainera, euren hautu nagusia osatu eta indartzeari begira beste dantza espezialitate bateko 30 minutuko ‘osagarri’ gisako bat ere ikasiko dute. Gure ingurunean aurrekaririk ez duen Hitzaren ildoan, hitzarekin irudimenez jolasten hasteko, 8-12 urte bitartekoek ‘Liburuen mundua I eta II’ ikasgaia burutu ahalko dute, 12 eta 17 bitartekoek ‘Idazketa sortzailea I eta II’, eta 18 urtetik gorakoek ‘Sormena eta Hitza’.

Honetaz guztiaz gain, 18 urtetik gorako pertsona ororentzat arte diziplinetako bakoitzean ‘Ikusle Eskola’-ren aldeko apustu estrategikoa egin nahi du Herri Arte Eskolak. Ikasgai ezberdinetatik ikasturtean zehar ikasle gazteekin irteera eta mediazio ekintzak burutzen diren arren, ikusle soslaia egiturazkoagoa bilakatzeko ikasgai gisa artikulatu nahi da ‘Ikusle Eskola’, emanaldi, erakusketa, kontzert eta abarretara bertaratzea aurre-ezagutza ahalik eta handienak eskuratzearen garrantzia azpimarratu eta arteaz hobe eta gehiago gozatzeko ahalik eta gako gehienak eskainiz. Hiruhilero bi irteera egingo dira (urtean 6, beraz) gutxi gora-beherako egitura honekin: 4 saio generoa, artistak/konpainia/taldea, antzokia/aretoa, egileak, obrak, askotariko ezaugarrietara hurbiltzeko, ekitaldira irteera egingo den saioa eta itxierako saioa. Ondoren irteera berri bati begira jarriko da prozesu berri bati ekinez.