Familientzako Capoeira tailer irekia antolatu dute ostiralean Familia Laguna programaren baitan

Ostiral honetan, apirilaren 28an, arratsaldeko 17:30ean, Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan (Biteri eraikina), Errenteriako familientzako Capoeira saio bat eskainiko dute, Familia Laguna programa ezagutzera emateko eta udalerriko hainbat jatorritako bizilagunen arteko elkargunea sortzeko helburuarekin. Saioa Aldeia de Bambas Elkartearen eskutik izango da, taldeko burua den Rayovac Maisuak zuzendua, eta tailerra Rayovac maisuak eta Coral maistrak emango dute, Luana instruktorearen eta Batuque graduatuaren kolaborazioarekin.

Jarduerak irauten duen bitartean, haurrek eta helduek aukera izango dute musika eta gorputz mugimenduak biltzen dituen eta arte martziala den kirol praktika hau esperimentatzeko. Honekin batera, Brasilgo kirol honen historia, bere erritmoak eta kirol honetan erabiltzen diren eskuz eginiko instrumentuak ezagutzeko aukera edukiko dute.

Capoeira tailerrean izena ematea

Jarduera irekia izango da. Halere, parte-hartzaileen kopurua mugatua izango denez, aurretikako izen ematea gomendatzen da posta elektroniko honetara idatziz errenteria.ongietorrieskolara@gmail.com edota esteka honetan dagoen galdetegia betez.

Familia Laguna programa

Familia Laguna programaren helburua da Errenteriako haur eta lehen hezkuntzako sei ikastetxeetan martxan dagoen beste herrialde batzuetatik herrira iritsi berri diren familiei harrera egoki bat egitea, jatorri anitzetako familien artean hurbileko harremanak eraikitzea eta euskararen. Proiektua Elkarrekin Koop. Txikiak kudeatzen du eta Errenteriako Udalak diruz laguntzen du.

Horretarako, programatik, ikastetxeetara iritsi berri diren familiak eta jada Errenterian bizi diren familiak harremanetan jartzen dituzte, hurbiltasunezko harremanak eraikitzeko, gizarte- eta hezkuntza arloko akonpainamendutik abiatuta. Akonpainamendu hori oinarritzen da familien arteko elkar ezagutzan, etorri berri den familiari eskolaren eta herriaren inguruko informazioa eskaintzean, sarea zabaltzeko erraztasunak ematean eta euskarara gerturatzeko aukerak erraztean.