Gazteen Abesbatzen topaketa egingo dute asteburuan Errenterian

Argazkian: Maddalen Dorronsoro, Landarbasoko prestakuntza-taldeetako zuzendaria; Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendaria; Iñaki Tolaretxipi, Landarbaso Abesbatzako zuzendaria, eta Landarbasoko Dizdizkako kide batzuk.
  • Parte hartuko duten hiru abesbatzek kontzertu bateratua eskainiko dute igandean

Maiatzaren 6an eta 7an gazte abesbatzen topaketa izango da Errenterian, Landarbaso Abesbatzak antolatuta.

Ekimen honen helburua haur eta gazteen artean kantua bultzatzea da; izan ere, antolatzaileen hitzetan, “haur eta gazte abesbatzak desagertzen ari dira eta krisi pandemikoak are gehiago areagotu du egoera hori. Gazteek ez dute kantatzen eta etorkizuna benetan zaila da”.

Asteburu honetako topaketa antolatzen duten lehena da, baina datozen urteetan ekimenak jarraipena izatea espero dute. Bertan parte hartuko dute Landarbasoko Dizdizkak, Laredoko Aila Gazte Abesbatzak eta Iruñeko Gazte Orfeoiak, guztiak ere maila handiko abesbatza ezagunak.

Topaketa bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, abesbatzek esperientziak partekatuko dituzte, tailer bat eta baterako entseguak barne, baita norberaren errepertorioen aurkezpenak ere. Landarbasotik azaldu dutenez, zati hau oso aberasgarria izan daiteke parte-hartzaileentzat, beste lan modu batzuk ezagutzeko eta beste abesbatza eta zuzendari batzuen esperientzietatik ikasteko aukera ematen baitie.

Bigarren zatia maiatzaren 7an, igandea, arratsaldeko 18:30ean, Fatimako Elizan egingo den kontzertu bateratua izango da. Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.
Topaketak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuaren laguntza du.