‘12 orduz Erriolan’ kultur maratoia larunbatean izango da

Lehendakari Agirre plazak (Lino) ‘12 orduz Erriolan’ ekimena hartuko du larunbatean, hilak 6. Kilometroak 23ren markoan, Orereta Ikastolak herriko eta inguruetako eragile eta artistekin osatu duen kultur maratoia izango da; 11:00etan hasi eta 23:00etara arte euskara ardatz izango duten arte diziplina ezberdinetako emanaldiak jasoko dituen egitaraua.

Antolatzaileak pozik agertu dira programa osatzeko jaso dituzten proposamenekin eta eskerrak eman nahi dizkiete parte-hartzaile guztiei deialdiari emandako erantzunagatik. Hala, bertan izango dira, Lur Korta ipuin kontalaria, Herri Arte Eskolako ikasleak, Lau Haizetara Euskaldun Topagunea, Beti Prest Dantza Taldea, Hola Zirkua, Amulleta Danbor Kofradia, Orereta Ikastolako ikasle, famila zein irakasleak, Hiruki Biraka, Edu Magoa, Xenpelar Bertso Eskola, Soinuenea, Concha Rociera, Sageltarrak, Lawless Records, Zilibito Records eta DJ Iker Rodriguez.

Gainera, jakinarazi dute, egunari amaiera emateko Jon Maia bertsolariak eta Janus Lester musika taldeak elkarlanean Kilometroak 23rako konposatu duten ‘Erriola’ abestia eskainiko duela lehen aldiz jendaurrean Berako taldeak. 21:45ean izango da hori, eta ondoren, 23:00ak arte, kontzertua emango du musika taldeak.

Ondorengoa izango da eguneko egitaraua:

  • 11:00-11:15: Aurkezpena eta Oreretako gazte sortzaileen emanalditxoa
  • 11:15-11:30: Lur Korta ipuin kontalaria
  • 11:30-12:30: Herri Arte Eskolako ikasleak: Klakea, Orkestra Txiki eta Erromeria
  • 12:30-13:45: Lau Haizetara Euskaldun Topagunearen Kantujira eta Beti Prest Dantza Taldearen Muxikoak
  • 13:00-14:00: Hola Zirkua
  • 14:00-14:20: Amulleta Danbor Kofradia
  • 14:20-14:30: Orereta Ikastolako Familia Laukotea
  • 14:30-14:50: Orereta Ikastolako DBH Banda
  • 15:00-15:30: Orereta Ikastolako LHko ikasle sortzaileak
  • 15:30-16:15: Hiruki festa familian: gimnasia akrobatikoa
  • 16:15-16:25: Edu Magoa
  • 16:15-17:15: Xenpelar Bertso Eskola
  • 16:25-17:15: Soinuenearen turuta tailerra
  • 17:15-17:45: Herri Arte Eskolako ikasleak: Balleta
  • 17:45-18:45: Concha Rocieraren sevillanak
  • 18:45-19:15: Kontzertua: Sageltarrak
  • 19:15-19:25: Iraitz Apezetxearen diabolo saioa
  • 19:15-20:00: Kontzertua: Lawless Records (FDLT, Traydeal, Blueice Davies eta Marc Moleman)
  • 20:00-20:45: Kontzertua: Zilibito Records
  • 20:45-21:45: DJ Iker Rodriguez
  • 21:45-23:00: Kontzertua: Janus Lester eta Kilometroak 23ren abestiaren aurkezpena

‘12 orduz Erriolan’ ekimena Orereta Ikastolako komunitatea Kilometroak 23ren harira urte osoan zehar antolatzen ari den ekitaldietako bat da. Programazio osoa urriaren 1ean ospatuko den jaiarekin bukatuko da.

Euroka kilometroko errioa osatzeko erronka

Aurten Orereta Ikastola antolatzen ari den urte osoko Kilometroak 23 jaiaren baitan, “Euskararen Errioa” ekimena jarri da martxan: urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen direnez, erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egiteko. Ondoren horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira.

Ekimenean parte hartu ahal izateko modu ezberdinak daude: Modu fisikoan, online edo Bizum bitartez. Honen inguruko xehetasun guztiak ondorengo estekan aurki daitezke: kilometroak.eus.