‘Ateak zabalduz’ ekimena datorren astean itzuliko da programazio zabalarekin

Aurkezpenean parte hartu dute: Aizpea Otaegi alkateak, Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Errenteriako adinekoen 8 klubetako ordezkari zein erabiltzaileek.

Maiatzaren 8tik 12ra ‘Ateak zabalduz’ ekimenaren IX. edizioa egingo da, jubilatuen udal elkarteek eta Errenteriako Udalak antolatuta. Ekimenak beti izan duen programazio zabala izango du aurten, Covid-19ak jarritako mugak gainditu ostean. Zentzu honetan ere, azpimarratzekoa da Merkatuzarreko bazkaria berreskuratuko dela, 200 jubilatu baina gehiago elkartzen dituena.

‘Ateak zabalduz’ ekimena 2013an sortu zen, klub bakoitzean ikasturtean zehar egiten diren jarduerak herritarrei ezagutarazteko. Edizio guztien arrakasta ikusita, urtero antolatzen jarraitu da, pandemiak markatutako urteak izan ezik.

Adinekoak eta haien ongizatea elementu garrantzitsua dira Udalaren politika publikoetan – are gehiago kontuan hartuta udalerriko biztanleen % 25ek 65 urte baino gehiago dituela –, eta ongizate horretan erretiratuen klubak eragile garrantzitsu bihurtzen dira.

Ildo horretan, garrantzitsua da herritarrei erakustea ikasturte bakoitzean klubetan egiten den lana eta jarduera ugariak.

Egitaraua

Egin klik irudian, handitzeko.

Jarduerak astelehenean hasi eta aste osoan zehar egingo dira. Aurrekoetan bezala, gehienak Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan egingo dira. Ikasturtean zehar klubetan egindako lanen erakusketa jende guztiarentzat zabalik egongo da astelehenetik, hilak 8, ostegunera, hilak 11, goizez eta arratsaldez.

Hauek dira astean zehar egingo diren jarduerak, besteak beste:

– Erorketak saihesteko aholkuen inguruko tailerra, Osakidetzarekin elkarlanean

– Gorputz berreziketa, pilates, wing chun tai chi, dantza lerroan eta euskal dantza

– Lagunkide Acoge-ren jarduera

– Zarzuela (asteazkenean, hilak 10ean, 11:00etan)

– Eresbil, Musikaren euskal artxibora bisita

– Euskal Jaia

– Bisita gidatua: ‘Orereta itsas hiria’

– Eskulan tailerra

– Bazkaria, musikarekin girotuta

Ekintza guztiak doakoak dira, bazkaria izan ezik, eta gutxi batzuetan beharrezkoa da aurretik izena ematea elkarteetan.

Egitaraua hemen deskargatu daiteke.