Etxeko hondakin toxiko eta arriskutsuak gaika biltzeko gunea jarri du Udalak Kaputxinoak auzoan

Kaputxinoetako auzoan hondakin toxiko eta arriskutsuak jasotzeko panelaJoan den astean ezarri zuen Udalak panel formako puntu garbi hau Kaputxinoetako auzoko Sorgintxulo kalean, bus geltoki ondoan. Bertan etxeko hondakin toxiko eta arriskutsu txikiak utzi daitezke birziklatzera bidaltzeko, besteak beste: CD eta DVD diskoak, tinta-kartutxoak, tamaina txikiko tresna elektroniko eta elektrikoen hondakinak (TEEH), mota guztietako pilak, bateriak eta metagailuak, eta LED bonbillak eta kontsumo txikikoak.

Kaputxinoetakoarekin sei dira dagoeneko Errenteriako Udalak herritarren zerbitzura jarritako panel formatuko garbiguneak dituzten auzoak (Olibet, Iztieta, Beraun, Erdialdea, Galtzarborda eta Kaputxinoak).

Horretaz gain, gogoratu beharra dago, garbigune mugikorra erabiltzeko aukera ere zabaldu zuela Udalak hondakin mota hauek biltzeko herriko auzo guztietan.

Ekimen hauek guztiak azken urteetako Errenteriako etxeko hiri-hondakin solidoen (HHS) gaikako bilketa hobetzeko eta zabaltzeko burututako ekimenetako batzuk baino ez dira. Jarduera hauekin Errenteriako Udalak herritarrak animatu nahi ditu gaikako bilketan eta hondakinen birziklatzean aktiboki parte hartzen jarraitzeko, ingurumena babesteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko.