Errenteriako IX. Tenis Opena Ereintza Madalen Saria jokatzen ari dira

Ereintza Eskubaloiak antolatuta, ATG (Gipuzkoako Tenis Zaleak) eta Errenteriako Udalaren laguntzarekin, Errenteriako IX. Tenis Opena Ereintza Madalen Saria jokatzen ari dira jokatzen ari dira Beraungo Balio Anitzeko Pistan. Txapelketa ekainaren hasieran hasi zen, hurrengo asteetan luzatuko da, eta Madalenekin batera jokatuko dira finalak.

Ereintzak nabarmendu du aurreko zortzi edizioek harrera ona izan zutela. Lehenengoan 24 jokalarik parte hartu ahal izan zuten eta izen-emateak osatu ziren. Bigarrenetik, parte-hartzaileen kopurua 32ra igo zen eta koadroak ere osatu ziren, parte-hartzaileen artean txapelketak izan duen harrera ona dela eta. Horren erakusgarri da ATGk puntuaziorik altuena eman ziola Gipuzkoan jokatzen diren txapelketa guztien artean.

Aurten, txapelketak 36 parte-hartzaile izango ditu, inoz baino gehiago, eta lehiaketa sistema honako hau da: 5 tenis jokalariko 4 talde eta 4 jokalariko 4 talde egongo dira. Jokalari bakoitzak talde bereko beste guztien aurka jokatuko du, eta talde bakoitzaren sailkapena lortuko da. Ondoren, zuzeneko kanporaketak jokatuko dituzte 4 kategoriatan. Madalenetan txapelketaren finalak jokatuko dira (kategoria bakoitzeko bat). Lehiaketa-sistema horri esker, gutxienez 4 partida jokatu ahal izango ditu jokalari bakoitzak.

Parte-hartzeari dagokionez, Gipuzkoako tenis jokalari amateurrik onenak elkartuko dira txapelketan: Errenteriako 9, Donostiako 17, Hondarribiko 2, Tolosako 2 eta Legorreta, Bera, Zumarraga, Hernani, Irun eta Lasarteko bana. Aipatzekoa da Patxi Fadrique Lasarteko tenislariak gurpildun aulkiaren modalitatean parte hartuko duela.

Parte-hartzaileen koadroak aurreko edizioetako irabazleak eta finalistak ditu, eta 2022ko edizioko finalistak nabarmentzen dira: Raúl Ramos eta Inko Mujika. Azken hori da Txapelketako egungo txapelduna.

Ikusleek dohainik ikusi ahal izango dituzte partidak txapelketa osoan zehar (astegunetan 16:00 – 21:00 bitartean, larunbatetan 10:15 – 22:00 bitartean eta igandeetan 10:15 – 14:00 bitartean).

Emaitzei eta sailkapenei dagokienez, txapelketaren nondik norakoak webgune honetan ikus daiteke.