Madalenetan omenduko diren elkarteetako ordezkariei harrera egin diete udaletxean

Atzo harrera egin zitzaien udaletxean Madalenetan omenduko diren Gurutze Gorria eta Juneren Hegoak elkarteetako ordezkariei.

Gurutze gorria mugimendu humanitarioa da. Sorospen erakunde boluntario eta eskuzabal honek ibilbide luzea egin du herrian, herritar kalteberen eta beharrean daudenen alde lanean, era guztietako ahalegin etengabean.

Halaber, Juneren Hegoak elkartea 2012an sortu zen kalteberatasun egoeran dauden haurrak dituzten eta gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzen ari diren familien alboan egoteko eta orientabidea emateko helburuz.

Urtero egin ohi den bezala, omenduek Madalenei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko ohorea izango dute berriro eta omenaldirako prestatutako ekitaldian oroigarri berezi bat jasoko dute. Gainera, Udalak jaietan antolatutako ekitaldi instituzionaletan leku berezia izango dute gordeta, hala nahi izanez gero.