Larunbatean abiatuko dira Listorretako udako abentura berriak

Urtero legez, Aiako Harria Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuan, Errenterian dagoen Listorretako aisialdi gunea ezagutzera emateko eta balioztatzeko hainbat jarduera berezi antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sareak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.

  • Uztailaren 1a (larunbata), 21.00etan: saguzarren mundu harrigarria hurbiletik ezagutzeko aukera izango da Ane Caro biologo adituaren eskutik. Oinarrizko azalpenak emateaz gain, detekzio-teknologia berezia erabiliz, saguzarrak entzuteko eta identifikatzeko aukera izango da, eta ingurunea adi behatuz gero, baita ikusteko ere. Saguzarrak, gure inguruan bizi diren ugaztun hegalari gautar ezezagunak dira; saio honen bitartez, ingurunean daukaten garrantzi ekologikoaz jabearazi nahi da. Saioa euskaraz eta gaztelaniaz izango da. 6€-ko kostua izango du eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.

 

  • Abuztuaren 5a (larunbata) eta 26a (larunbata), 11:00tan: Aiako Harria Parke Naturala ezagutzeko ekintza bat antolatu da, Listorretatik hasita parkearen altxorretako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango da ibilaldi motz baten bidez. Saioak gaztelaniaz izango dira. Jarduera honek gutxi gorabehera ordu eta erdi inguru iraungo du eta doakoa da.

Jarduera guztietan, beharrezkoa da aurrez izena ematea (943 495 069 – 688 895 068, arditurri@gipuzkoanatura.eus).