Pontikako parkeko lurzoru kutsatuak kentzeko lanen bigarren fasea abiatu dute

Pasa den otsailean Barandiaran Parkea izango den orubetik lurrazpiko fuel oil biltegi bat garbitu eta kendu zuen Udalak, baimendutako enpresa bat kontratatuz, ingurumen-agintaritzaren zaintzapean.

Lan horiek amaitu ondoren, analisiak ere egin ziren, eta egiaztatu zen garbiketa behar bezala egin zela.

Orain, bigarren fasean, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren baimena jaso ondoren, Errenteriako Udala beste gai kutsatzaile batzuk garbitzen hasi da, poliklorurobifeniloak (PCB). Substantzia horiek, orubearen eremu jakin batean dauden arren, lurzoruaren analisietan detektatu dira, eta berariazko tratamendua behar dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzarekin deskontaminatzeko metodologia zein izango den adostu ondoren hasi dira lanak.

Lurzorua garbitzeko ez da lur-mugimendu handirik egin behar, baina bai induskatutako materialen kontrol sakona. Hori dela eta, indusketa-lanak, gainbegiratze-lanak eta lurzoruaren analisi-lanak txandakatuko dira.

Ateratzen doazen lurzoru-laginen emaitzak laborategian aztertuko dira.

Analisiaren emaitzen arabera erabakiko da ea beharrezkoa den lur-bolumen handiagoa garbitzen jarraitzea. Analisiaren emaitzak beharrezkoak izango dira kutsatzaile horiek kentzeko protokoloa zehazteko.

Barandiaran parkea, gero eta hurbilago

Lurzorua deskontaminatzeko prozesuarekin batera, urrats garrantzitsuak ematen jarraitzen dute udalerriarentzat eta Pontika auzoarentzat garrantzi handia duen berdegunea errealitate bihurtzeko.

Parkea egiteko proiektua idazteko lanean ari da Udala, Pekin errekastoa gauzatzeko beharrezkoak diren obrak barne, eta, aldi berean, Pontika-Beraun Beherako aparkaleku-eraikinaren obrek aurrera jarraitzen dute (horrela, 183 aparkaleku sortuko dira, egungo orubea autoz hustu ahal izateko).

Proiektuaren puntu honetara iristeko, Barandiaran parkearen etorkizuna definitzeko prozesu bat egin behar izan da: lurzoruaren kalitatearen azterketa-laginak; indusketa-plana idaztea; Arramendi pasealekuko obrak 25 aparkaleku lortzeko; deskontaminazioa eta fuel-olioaren depositua kentzea, eta errekaren trazadura zehazteko azterketa topografikoa.