‘Familia Laguna’ proiektuak jai batekin esan dio agur ikasturteari

Ekainaren 16an ospatu zen 2022-23 ikasturtean Errenteriako Familia Laguna ekimenean parte hartu duten familiei eskerrak emateko ekitaldia. Hain zuzen ere, Lartzabal auzoko parkean elkartu ziren arratsaldea elkarrekin pasatzeko 28 lagun.

Errenteriako Udalak diruz laguntzen duen programa horretan, herriko haur eta lehen hezkuntzako sei ikastetxeetako 44 familiek hartu dute parte. Horren helburua da jatorri migratzailea duten eta herrira iritsi berri diren familiak tokiko familiekin harremanetan jartzea. Batetik, eskolara egokitzeko prozesuan akonpainamendua eskaintzeko. Bestetik, herrian kulturarteko harremanak sustatzeko. Gainera, harreman hauek bidea errazten dute euskara eta euskal kulturara gerturatzeko. Datorren ikasturtean proiektuarekin jarraitzeko asmoa dago, irailean izango da ekimenaren aurkezpena egiteko garaia, Elkarrekin kooperatiba txikiaren eskutik, eta izen emateko garaia.

Ikasturte bukaerako ekitaldia

Ikasturteari amaiera emateko egin zuten jaialdian familiei diplomak banatu zitzaizkien ikasturtean zehar egindako borondatezko lanarengatik eta programari esker eskolan sortu dituzten kulturarteko harremanak balioan jarri ziren. Programan parte hartu duten familiak ikastetxeetako gainontzeko familientzat eta Errenteriako bizilagunentzat eredugarri diren harremanak eraiki dituzte eta horren bidez udalerri inklusiboago bat sortzeko urratsak ematen ari dira. Arratsaldean zehar, familiei zuzenduriko hainbat jolas eta tailer burutu ziren, besteak beste, pista jolasa eta txapak egiteko tailerra. Egunari amaiera emateko, merienda txiki bat prestatu zen familiek ekarritako jatorri ezberdinetako jakiekin haurrek eta helduek partekatzeko eta elkarrekin dastatzeko.