Uztaila eta abuztuan San Marko gotorlekura Tren Berdean igotzeko zerbitzua berriro martxan izango da

Errenteriako Udalak, uztailaren 6tik aurrera, hirugarren urtez, Tren Berdea martxan jarriko du San Marko Gotorlekura igotzeko. Zerbitzu hau doako izango da.

Zalantzarik gabe, San Marko gotorlekua Oarsoaldea eskualdeko behatokia da eta, uda honetan ere Tren Berdean igotzeko aukera izango dute herritarrek.

Naturan kokatutako XIX. mendeko eraikin hau, Bizarain mendiaren tontorrean aurkitzen da, Errenteriatik 260 metroko altueran. Gaur egun Lau Haizeta Parkean barneratuta dago.

Behin gotorlekuan, begiratokia eta gotorlekua osatzen duten pasabide eta tunel guztiez gain, “Aizpitarte bidegurutzean” erakusketa ikus daiteke, Aizpitarte kobazuloak sakon ezagutu aukera bikaina. Kultura Ondasun bezala Sailkatutako kobazulo hauek publikoari itxita daude, haietan aurkitutako margolanak eta labar-grabatuak babesteko. Erakusketa adin guztietako bisitariei egokituta dago.

Tren zerbitzua uztailaren 6an hasiko da. Errenteriatik irtengo da Tulle kaleko autobus geltokitik eta, Beraun kaleko 15. zenbakian geldialdia egin ostean, hiriguneko kaleak eta eraikinak atzean utziko ditu udalerriko landa eta naturan guztiz murgiltzeko.

Uztaila eta abuztuan zehar ostegunero 4 joan etorri eskainiko dira, 09:45, 10:45, 11:45, eta 12:45ean, Tulle kalean hasita. Ordu erdiko bidaiaren ondoren, itzuliak 11:15, 12:15, 13:15, 14:15ean egingo dira, San Markotik. Zerbitzua doakoa izango da eta beharrezkoa izango da lekua aurretik erreserbatzea, goizenez bisita egunaren bezpera baino aste bete lehenago.

Pertsona bakoitzak gehienez 5 plaza erreserbatu ditzake. Egunean joan-etorri bakarra egin daiteke eta adingabeak heldu batekin joan beharko dira beti. Gainera derrigorrezkoa izango da San Markon geldialdia egitea.

Ingurune bikain honek eskaintzen digun guztiaz denbora gehiagoz gozatu nahi dutenek eta Errenteriako erdigunera bere kabuz itzuli nahi dutenek, garraio publikoan itzultzeko aukera dute. Zamalbide auzora oinez joanda, Errenteriako hirigunea Zamalbide eta Perurenarekin lotzen dituen U7 autobus linea erabil daiteke orduero.