‘Errenteria XX. mende hasieran. Novedades aldizkari grafikoa’ erakusketa, Xenpelar Etxean ikusgai

Errenteriako Udalak ‘Errenteria XX. mende hasieran. Novedades aldizkari grafikoa’ argazki erakusketa zabaldu du Xenpelar Etxean.

‘Novedades’ aldizkari grafiko eta ilustratua, El ‘Pueblo Vasco’ egunkariaren gehigarri gisa, 1909ko ekainaren 27tik 1929ko irailaren 1era argitaratu zen Donostian. Aldi horretan, denboran zehar aldatu zen maiztasunarekin eta ez modu jarraian, 402 zenbaki kaleratu ziren guztira bi etapatan.

Aldizkari honek paper garrantzitsua bete zuen XX. mendearen lehen partean Donostiako gizartearen testigantza grafiko gisa, baina Gipuzkoakoa ere bai.

Horregatik, erakusketa honetarako arreta handiz aukeratu dira Errenteria eta bertako biztanleak ardatz dituzten argazki batzuk, ohiturak, pertsonaiak edo hainbat gertakari islatuz, udalerriaren historian barneratzeko eta garai haietako eguneroko bizitza gertutik ezagutzeko aukera emanez.

Erakusketa zabalik egongo da uztailaren 29a arte, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara eta Madalenetako jaiegunetan ere zabalik egongo da.