Irailaren 4tik aurrera erabili ahal izango dituzte Errenteriako gazteek etxean jasotzen ari diren BIZI Errenteria bonuak

• Bonuak Errenteriako etxeetan jasotzen ari dira eta irailaren 4tik abenduaren 11ra izango dira erabilgarri.

• Aurtengo kanpainan herriko gazteek herrian erosteko ohitura sustatze aldera, hamarna bonu jasoko dituzte 18 eta 35 urte arteko gazteek.

• Bonu bakoitzarekin, 10 euroko edo gehiagoko erosketan 5 euroko hobaria eskuratuko da, eta gazte bakoitzak 10 bonu jasoko ditu.

• Dagoeneko 150 establezimendu inguru atxikitu dira aurtengo kanpainara. Udalak dei egin die orain arte atxiki ez diren establezimenduei egin dezaten.

Herriko gazteek datorren astelehenetik aurrera erabili ahal izango dituzte BIZI Errenteria kanpainaren bonu berriak. Errenteriako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezian (PERCO) jasota zegoen ekintza hori, eta Errenteriako Udalak gazteen kontsumo-ohiturei buruz egindako azterlanean ere aztertu zen. Era berean, Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Batzordeak neurri interesgarritzat jo zuen ekimena gazteak tokiko merkataritzara erakartzeko.

Egun hauetan jasotzen ari dira herrian bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko gazteek BIZI Errenteriaren bosgarren kanpainaren bonuak. Bost euroko hamarna bonu jasoko dituzte, herrian erroldatutako gazteek.

Postaz helduko dira bonuak hurrengo egunetan eta irailaren 4etik abenduaren 11ra bitartean kanpainarekin bat egin duten 150etik gora establezimenduetan erosita hobaria jasoko dute herritarrek. Udalak kanpainara 350.000 euro bideratuko ditu herriaren eta herritarren suspertze ekonomikoa sustatzeko eta gazteen kontsumo ohituretan eragiteko helburuarekin.

50 euro gazte bakoitzarentzat
Erosketa Bonuen 5. Kanpainak aurreko kanpainen ezaugarri nagusiak mantenduko ditu, baina zenbait aldaketa nabarmen:
1. Bost euroko hamarna bonu helaraziko zaizkio postaz udalerriko 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzari. Izan ere, kanpainaren helburu zehatza gazteen kontsumo ohituretan eragitea izango baita.
2. Bonu bakoitzarekin 10€-ko edo gehiagoko erosketatan 5€-ko hobaria eskuratuko da. Bonuak batera erabil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren % 50a gainditu.

Bonuak erabili ahalko dira BIZI Errenteria programara atxiki diren merkataritza, zerbitzu zein ostalaritza establezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueretan.
Aurreko kanpainetan 250 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal izan ziren bonuak. Bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda bizi.errenteria.eus webgunean dago eta, gainera, herritarrek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimenduek BIZI Errenteria ikurra izango dute ikusgai.

‍Atxikitzeko dei berria establezimenduei
Establezimendu bakar bat ere kanpainatik kanpo gera ez dadin, Udalak dei egiten die orain arte atxiki ez direnei egin dezaten, ekimenaren eraginkortasuna areagotzeko garrantzitsua baita ahalik eta herriko eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea.

Aurreko kanpainetan bezala bonuak fisikoak izango dira. Establezimenduek egin beharreko bonuen kudeaketari begira, berriz, aurten hauen balidazioa eta ordainketa automatizatu egingo da Bizi Errenteria aplikazioaren bidez. Aplikazio honek kudeaketa arindu egingo du, baita informazioaren gardentasuna eta segurtasuna bermatu ere. Atxikitutako establezimenduek sakelako telefonoko aplikazio hau jaitsi eta bonuak balidatu beharko dituzte. Udalak, aplikazioaren bidez balidatutako bonuen baitan, ordainketak egingo ditu.

Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eta 5. kanpaina honen berri emango da, halaber, bizi.errenteria.eus web-orrian eta Udalaren sare sozialetan.

2020an, pandemia bete-betean, BIZI Errenteria 2020an, pandemia betean, BIZI Errenteria jarri zen martxan, tokiko ekonomia bultzatzeko eta suspertzeko helburuarekin. Harrezkero, Udalak erosketa-bonuen lau kanpaina egin ditu. Oraingo honetan, gazteen artean tokiko erosketa sustatzeko helburu espezifikoa gehitzen da, Udalak 350.000 bideratu dituela.