Tokiko elikagai ekologikoen plaza Errenteriara iritsi da!

Lekua: ERRENTERIA, Gamon Zumardi plazan

Eguna: Irailaren 9an. Ordua: 10:00etatik 14:00etara.

 Abian da azoka ekologikoen udako martxa; Zigoitiako azokarekin hasi zen (uztailaren 29an), ondoren Zarautzen, Zumaian, Donostian  izan da eta orain Errenteriara iritsi da elikagai ekologikoen festa.

Udako azoka ekologikoak ekimena ingurugiroarekin errespetuan ekoizten duten profesionalen eta konpromezu bera eta kalitate ezin hobeagoko elikagaiak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileen topagunea da.

Irailaren 9an Errenterian, BIOLUR ELKARTEAK, Errenteriko udala, Behemendi, eskualdeko landa garapena, eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren lankidetzarekin, Elikagai ekologikoen azoka antolatu du. Topagune honetan, barazkiak, ardi- eta behi-gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa, eta arraultzak aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta BIOLURen informazio puntua ere izango dira bertan bisitarientzako. Hogei bat partehartzaile izango dira azokan, gehienak, Gipuzkoako ekoizleak izango dira, baina Bizkaiatik, Nafarroatik, Iparraldetik eta Errioxatik ere etorriko dira, azokan otarra osatzeko bertako eta gertuko produktu ekologikoak eskuragarri izanik.

Biolur elkartearen iritziz “Errenterian aurten ere azoka egingo dugu, eta jendea hurbiltzea espero dugu aukera paregabea izaten delako otarrak elikagi fresko, bertako eta ekologikoekin betetzeko, eta lurraldean dauden ekoizleen lana ezagutzeko. Aurten azoka bertan ekimen bat egingo dugu Ane Otegirekin, ekoizpen duina kontsumo herrikoia aldarrikatuko dugu, garaian garaiko barazkien errezeten bitartez. Biolurrek DUINA ikerketaren ondorioz atera duen material didaktikoan oinarrituz. Garrantzitsua da ekoizpena eta kontsumoa lotzea, eta azokak hortarako topagune ezin hobea dira..”

Ekimena nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako erakusleiho da, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzea dutelako. Bizitzen ari garen garai nahasi hauetan, eredu ekologikoan urrats  sendoak ematea ezinbestekoa da, ekoizpenetik kontsumorainoko bidean,  sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura ekologikoaren Kontseiluaren hitzetan: “Garrantzitsua da tokiko elikagai ekologikoekin egunerokotasunean elikatu gaitezkeela erakustea. Horregatik, herri desberdinetan antolatzen diren topagune ekologiko hauek bultzatea ezinbestekoa da elikagai ekologikoen aniztasunaren eta kalitatearen erakuslehio baitira”. Udako azoka ekologikoetan elikagai ekologikoen salmenta bultzatze aldera Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, 5 €-ko 42 bono jarriko ditu Irailaren 8an eskuragarri Errenteriako Turismo bulegoan (Madalen Kalea, 3). Bono hauek lortu ahal izateko bulego honetara joan beharko da eta bertan emango zaio bertaratzen den pertsonari. Pertsonako bono bakarra emango da. Turismo Bulegoaren ordutegia 10:00-14:00etara eta 16:00-18:00etara da.

Udako Azoka ekologikoak

Guztira, 14 azoka antolatuko dira Herrietako kontsumo taldeek eta ekoizpen ekologikoaren aldeko herrialde mailako elkarteek antolatuta; Zigoitian, Zarautzen, Zumaian, Donostian, Errenterian, Algortan, Zerainen, Mungian, Aretxabaletan, Eibarren, Gasteizen, Durangon, Leintz-Gatzagan eta Villabonan.

Elikagai ekologikoen azokak erakuslehio aparta dira Euskadin dugun elikagai ekologikoen aniztasuna plazaratzeko. Urtez urte antolatzen diren azoka hauen ekimena beste herri batzuetara zabaltzea da helburua, pixkanaka udalerri guztietako plazak elikagai ekologikoen eskaintzaz betetzea.

Ekoizpen ekologikora bideratutako lurrak gorantz jarraitzen dute Euskadin

2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoari zuzendutako 1.199 hektarea berri ziurtatu zituen, Euskadiko nekazaritza lurren 9.104 hektarea okupatuz. Gipuzkoan, % 35eko igoerarekin, izan da lurren azaleraren igoera nabarmenena abeltzain handien izen emateagatik. Ondoren Araba, % 12ko hazkundearekin, eta Bizkaia (% 5) kokatzen dira. 2016tik gaur arte, ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da.

Aurreko urteekin alderatuta azaleraren hazkunde erritmoa apur bat moteldu den arren, goranzko joerari eutsi dio urteko % 15eko erritmoan gora eginez (2021ean hazkunde erritmoa % 16koa izan zen). Une honetan Euskadiko nekazaritza lurren % 5a ekologikoan ziurtatuta dago dagoeneko, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzeko: 2030ean lurren % 25a ekologikoa izatea. Hala ere, ekologikora bideratutako azalera ekoizpenen arabera aztertuta, ortularitza (% 19,20) eta frutagintza (% 21,05) Europak eskatutako % 25etik oso hurbil agertzen dira.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak guztira momentu honetan 746 profesionalen elikagaiak ziurtatzen ditu. Euskadin elikagai ekologikoen eskaintza zabala da, guztira 2600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta.