Euskaraz aritzeko aukerak zabalduko ditu ikasturte honetan ere ‘Mintzapraktika’ programak

Ikasturte honetan ere Lau Haizetara elkarteak Mintzapraktika programa abian jarriko du euskara praktikatu nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten.
Mintzapraktikan pertsonen arteko harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz. Taldean elkarrekin aritzen dira eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez.

Gaur egun 60 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute Mintzapraktika egitasmoetan; astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: mintzalagunak (euskara ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta mintzalaguntzaileak (euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari edo aritu nahi dutenei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen duten euskaltzaleak).

Izen-ematea zabalik

Jadanik zabalik da aurtengo ikasturtean Mintzapraktikan izena emateko epea.

Parte hartzeko hainbat aukera eta modu daude, gehiago jakiteko mintzalaguna@lauhaizetara.eus helbidera idatzi edo 688 765 398 telefonora deitu daiteke, edo zuzenean izena eman formulario honen bidez: https://forms.gle/aXTTNJuPCbHYsAey6

Irakurketa erraza

Bestalde, Lau Haizetarak irakurketa erraza taldean izena emateko epea zabaldu du. Irakurketa erraza ekimena helduentzako liburu bat modu erraz eta didaktiko batean irakurtzean datza.

Programa hau herritar guztiei zabalik badago ere, bereziki, irakurtzeko gaitasuna ahaztuta duten edo hizkuntza hobeto ikasi nahi dutenei begirakoa da.

Parte hartzaileek irakurketa partekatuak egingo dituzte, bost saiotan eta gehienez 10 pertsonaz osatutako taldeetan. Saioek ordubeteko iraupena izango dute eta Lau Haizetara elkartearen egoitzan egingo dituzte 18:00etatik 19:00etara.

Lehenengo saioko liburua ‘Printze txikia’ izango da hilaren 22an, 18:00etan Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikinean, (Madalen kaleko 27. zenbakian).

Saio horretan parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena bulegoa@lauhaizetara.eus helbidera iedo 688 765 398 zenbakira idatziz.