Badator Errenteriako bigarren eskuko bizikleten azoka

• Azoka datorren ostiral arratsaldean izango da Zumardian eta bertan bizikletak eta patineteak saldu eta erosi ahal izango dira

• Objektu horiek saldu nahi dituzten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute esteka honen bidez edo 943 670 249 telefonora deituz

Azken urteetan ohikoa den bezala, irailaren 22an, ostiralarekin, bigarren eskuko bizikleten eta patineteen azoka antolatu du Errenteriako Udalak Gamon Zumardian arratsaldeko 16:30etik 20:00etara.

Bizikleta edo patineteak nola saldu

Azokak gordailu-zerbitzu sistema bitartez funtzionatuko du eta egunean bertan, 15:00etatik 16:30era egongo da zabalik. Bizikletak eta patineteak hartuko dira. Norberak saldu nahi duena eraman beharko du eta antolakuntza-taldeari utzi.

Aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da www.merkabi.eus/errenteria helbidean aurkitu daitekeen formularioa betez edo 943 670 249 telefonora deituz. Hitzorduak emango dira, azoka egunean sortu daitezkeen itxarote-ilarak saihesteko. Ez da onartuko 500 euro baino prezio garestiagorik.

Doako gordailu sistema bidezko sal-erosketa pertsona guztien eskura ipiniko da. Gordailu zerbitzuan antolakuntzako kideak arduratuko dira haien zainketaz eta salmentaz, eta merkatua amaitzean, salmentetatik bildutako dirua emango zaie jabeei, edo saldu ez diren objektuak itzuli. Parte hartzeko adin nagusikoa izan behar da eta datuak utzi (NAN-a eta telefonoa).

Antolatzaileek adierazi dute aukera paregabea dela herritarrek behar dituzten bizikleta eta patineteak eskuratzeko prezio ezin hobean.

Jarduera osagarriak

Era berean, jarduera osagarriak egingo dira; batetik, txirrinda material birziklapeneko tailerra eta erakusketa izango dira. Bestetik, Gurutze Gorriko boluntarioek mugikortasun osasuntsuaz ere arituko dira.

Ekimen hau Europa osoan urtero antolatzen den Mugikortasun Iraunkorraren Astearen egitarauan kokatzen da, eta aldi berean, Udal Hondakinen Prebentzio Planaren helburuetan txertatzen da.