Kilometroak 23 urte luze bateko lanaren bukaera jaia izango da urriaren 1ean

Iritsi da Kilometroak 23 urte luze bateko lanaren bukaera jaia. Urriaren 1ean, Orereta ikastolaren eskutik, egun handia antolatu da Errenterian. Urte osoan ardatz izan den Erriola lelopean, Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 47. edizioarekin, Kilometroak Egunarekin, biribilduko dituzte 2023ko Kilometroak, Orereta Ikastolaren 60. urteurrenerakin ere bat eginez. Festaz gozatu nahi duen orok ateak zabalik izango ditu.

Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan dituzte zutabe urtarriletik hona antolatu dituzten ekimen guztietan. Erriola-k ekarri ditu KMK Txikia, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren eta Berriaren jaiotzaren 20. urteurrena ospatzeko astea, euskara batuaren sortzaileei eta euskara batuari berari gorazarre egiteko giza katea, 12 orduko kultur-maratoia, “Adaxka Berriak” ikuskizuna Ziburuko eta Hendaiako ikastolekin batera, Urmuga jaialdiaren baitan egindako mendi ibilaldia, patatxa gaineko zuzeneko musika emanaldia eta “Gure Añabitarte” kontzertua, eta, jakina, jaialdiaren soinu banda bihurtu den “Erriola” kanta, Jon Maia bertsolariaren hitzekin eta Janus Lester taldearen musikarekin sortua.

Hilabete guztiotan jende ugari aritu da gogotsu eta indarrez lanean, eta guztiari behar bezalako amaiera eman nahi diete urriaren 1ean. Gogoz ari dira eguna prestatzen, herritarrei eta kanpotik hurbilduko direnei egunaz gozatzeko askotariko eskaintza egiteko, beti ere, euskara eta euskal kultura erdian jarrita eta herriko eragileen eta Ikastola osatzen duten guztion laguntzaz.

Egitaraua

Egitarau anitza osatu dute urriaren 1erako. 10:00etan emango diete hasiera egunari ekitaldi instituzionalarekin. Ibiltaria izango da, Lekuonako zubian ongietorria egin ondoren, Zumarditik eta Linotik pasa, eta Zamalbide gunean amaituko da.

11:00etatik aurrera, musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak eta kale animazioa, Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko Erronka, jantokian bazkaria eta txoznetan ogitarteko zein bestelako jakiak, tonbola… izango dira. Egitaraua eta planoa osorik hemen ikusgai.

Lau gune nagusi eta beste hiru azpigune egongo dira hirigunean:

  • Lino (Agirre Lehendakariaren plaza)
  • Esmalteria (Koldo Mitxelena plaza)
  • Galletera (Gernika plaza)
  • Errioa (Iztieta pasealekua)

Garraio publikoan izango diren aldaketak

Kilometroak Egunera garraio publikoan etortzea gomendatzen da, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita.

Renferen erabiltzaileentzat oharra: Urriaren 1erako mozketak iragarri ditu Renfek, eta, beraz, Kilometroak Egunera etortzeko, Andoain-Lezo/Errenteria eta Lezo/Errenteria-Andoain artean baino ez du zerbitzurik emango.

Garraio publikoz etorri ezin dutenentzako, bi aparkaleku nagusi jarriko dira:

  • Pasaiako Portua (koordenatuak 43.31966675139468, -1.9033785858643517).
  • Txirrita-Maleo industrialdea (koordenatuak 43.30551131738846, -1.9090532596819616).

Autokarabanentzako gunea ere izango da Agustinak auzoan (koordenatuak 43.30718087520547, -1.897500817369414).

Ogitarteko eta pintxoez gain, menua jateko aukera jantokian

Batean eta bestean izango diren ogitarteko, talo, pintxo eta bestelakoez gain, eserita bazkaltzeko modua ere izango da, Fernandez De Landa plazako aterpean jarriko den jantokian (Koldo Mitxelena ikastetxea).

Menua (Helduak: 13€ | Haurrak: 6€):

  • Paella
  • Oilasko errea
  • Postrea

Ordutegia: 13:00etatik 15:30era.

Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu ahal izango dira Kilometroak.eus webgunean. Egunean bertan jantokian ere eskuragarri izango dira.

Kilometroak Kultur Elkarteak zein Orereta Ikastolak giro bikainaz gozatu nahi duen oro gonbidatu nahi du urriaren 1eko Kilometroak Egun handira. Herritarrek elkarrekin errespetuz eta jator goza dezaten.

Informazio edo xehetasun gehiago Kilometroak.eus webgunean.