Klown jardunaldiak antolatu dituzte Errenterian

Les Underklowns klown amateur taldeak, Niessen Elkartearekin lankidetzan, klown diziplina artistikoarekin lotutako jardueren programazio zabala antolatu du urrian hasi eta urte amaiera arte.

Antolatzaileek adierazi dute Klown jardunaldien helburua dela herritar guztiei hainbat ikuspegitatik ezezaguna den unibertso hau aurkeztea, berezitasunetako batzuk ezagutaraztea eta fantasiazko mundu hori jendeari hurbiltzea.

Horretarako, batetik, Klown eta risoterapia tailer irekiak programatu dituzte helduentzat, dinamika horiekin harremanetan jarri nahi dutenengana hurbiltzeko asmoz.

Bestetik, 6 eta 9 urte bitarteko umeentzako ‘Bilatu zure klown’ izeneko jarduera egingo dute. Bertan, jolasaren eta makillajearen bidez mundu horrekin konektatuko dira.

Horretaz gain, Jesusen Bihotza Egoitzara bisita antolatu dute, adinekoekin irribarre-arratsalde bat partekatzeko.

Gainera, klown-afaria egingo dute Niessen Elkartean, eta bazkideek zein haiekin ospatu nahi duen edonork klownerako improbisazio-gaualdian parte hartu ahal izango dute.

Azkenik, ekimenari bukaera emateko, Les Underklowns taldeak azkenaldian prestatzen aritu den laborategiko hainbat lanek osatutako ikuskizuna taularatuko du Niessen kulturguneko aretoan.

Antolatzaileek azaldu dute laster emango dutela tailerretan izena emateko moduaren, klown-afarirako tiketen salmentaren eta Niessen aretora sartzeko moduaren berri.