Ekonomia Urdinaren Poloa jardunaldiak egin dituzte, Oarsoaldeko ekonomia biziberritzeko

Oarsoaldea Urdina Poloa jardunaldiak egin dituzte gaur goizean Pasaian, eskualdearen ekonomia biziberritzeko Ekonomia Urdinak eskaintzen dituen aukerak aztertu eta eragileen arteko sinergiak lantzeko.

Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakari den Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eta Pasaiako alkatearekin batera, eman die hasiera Oarsoaldea Urdina Poloa jardunaldiei. Itsasoa aukera-gune bihurtu dela eta eskualdeak aukera horiek aprobetxatzeko behar besteko indarra duela adierazi du. Horretarako lehiakortasun-polo bat sortzeko potentziala baliatu eta itsasoari lotutako ekonomiaren bultzada Oarsoaldeko eskualdeko plan estrategikoaren ardatzetako bat dela gogorarazi du.

Oarsoaldea itsasoarekin duen lotura historikoagatik ezaguna da eta Gipuzkoan ekonomia urdina bultzatu nahi duen proiektu estrategiko baten epizentro bihurtu da. Gaur egun itsasoak aukera berriak eskaintzen ditu, Europar Batasunaren aldeko politikek eta Europako ekonomia urdinaren sektorearen hazkundeak lagunduta. Esperientzia arrakastatsuek agerian uzten dute handiagoak diren proiektuei ekitea bideragarria dela, Oarsoaldearentzako eta bere badiarentzako garapen ekonomikorako bidea irekiz.

Goizean Pasaian egin den Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloaren jardunaldian ekonomia urdinean asmo handiko ekimenak abiaraztea bideragarria dela erakusten duten proiektuak aurkeztu dira. Bertan, proiektu berritzaileak ezagutzeko eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza sustatzeko aukera izan da.

Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloaren Proiektua, Eusko Jaurlaritzaren funtsekin sustatu da Berpiztu planaren baitan eta AZTI zientzia eta teknologia-zentroak kudeatu du. Zentroak eginiko lana goraipatu du Otaegik. Proiektua mugarri garrantzitsua da eskualdeko ekonomia eta itsas nortasuna suspertzeko ahaleginean.

Era berean, Oarsoaldeko Garapen Agentziak funtsezko zeregina betetzen du tokiko enpresa-ekosistema proiektu honetara erakarriz, beraien parte-hartzea sustatuz, Otaegik azaldu duenez. Ekosistema horrek, itsas sektorearen hazkundea sustatzeaz gain, eskualdeko beste enpresa eta eragile batzuentzako motor gisa ere jarduten du, lankidetza, sinergiak eta sormena sustatuz.