Larunbat honetan Arkano, Lia kali eta Txiltxokoren erritmora mugituko da Lekuona Fabrika

Larunbat honetan, iluntzeko 20:00etan hasita, Arkano izenez ezaguna den rap kantaria, Bartzelonako Lia Kali eta Oiartzungo Txiltxoko taldeek kontzertua eskainiko dute Lekuona Fabrikan Gipuzkoa Gazte Tour programaren baitan. 3 euroko prezioan salgai daude oraindik sarrerak Lekuona Fabrikan.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak esan duenez, “Errenteria bere dinamismo kulturalagatik da ezaguna eta gure programazioa aberastuko duen proposamen oro ongietorria da. Kasu honetan, Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak egiten digun proposamena bereziki interesgarria iruditzen zaigu, proposamen hau gazte eta nerabeei zuzenduta dagoelako eta publiko berriak osatzea ezinbestekoa dela uste dugulako”.

Isaac Palencia Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak Gipuzkoan Gazte Tour programaren balioa nabarmendu du. Programaren helburu nagusietako bat da kultura deszentralizatzea eta gazteengana iristea; “Kontua da kultura irisgarri egitea lurralde osoan. Horregatik, Gipuzkoa Gazte Tourren lehentasuna da, funtsean, programa erabat deszentralizatua izatea, eta, gainera, gazteei kultura irisgarri egiteko helburua izatea”.

Palentziak azaldu duenez, GGT programa duela sei urte sortu zen. “Programa honen helburua da publikoak gaztetzea eta lurralde honetako gazteei beren interesen araberako kultura-eskaintza ematea”, azaldu du. Era berean, esan du garrantzitsua dela erakunde publikoek, hala nola Gipuzkoako Aldundiak, kolektibo horren gustuak zein diren kontuan hartzea; eta, horretarako, gazteentzat aisia eta kultura programatzeko orduan modu “parte-hartzailean” egiten da.

“Zirkuitu honen arrakastaren oinarria da artisten aukeraketa eta nerabeek ekitaldi honetan aktiboki parte hartzea. GGTren helburu garrantzitsuenetako bat lurraldeko artistei ematen zaien ikusgarritasuna da. Programazio bakoitzak erreferentziazko artistak eta tokiko artista gazteak ditu”, azaldu du amaitzeko.