Teknologia libreetan eta ekonomia sozialean trebatzeko ikastaroak Torrekuan

Azaroaren 6tik aurrera ekonomia soziala eta teknologia libreak uztartuko dituzten formazioak hasiko dira Torrekuan, TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatuta. Formazioetan izena eman daiteke dagoeneko http://teks.eus webgunean.
Badira urte batzuk, Errenteriako Udalak sustatuta, Torrekuako elkarlantegian teknologia digitalekin lotutako proiektuak garatzen direla, eta besteen artean bertan sortu da TEKS elkartea, Euska Herrian teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartuta lantzen dituzten enpresa eta eragileak saretzeko sortutako elkartea. TEKS elkartea Torrekuak emandako harreman eta babesean sortu da, eta orain, bere asmoetan egiteko nagusietako bat den formazioen esparruan pauso berri bat eman nahi du Errenteriako Udalarekin elkarlanean.
Hemendik eta urte amaiera bitarte egingo duten formazioen zikloan, aurrerantzean ardatz izango diren gaien inguruan antolatu da eskaintza: Ekonomia Soziala, Software Librea, Hardware Librea, Garapen Aurreratuak eta Teknologia Denontzat deritzona.
Teknologiaren formazioa garatzaileen ikuspegitik hasi eta edozein herritarren erabilera mailaraino zabalduz, eskaintza zabala izango da, euskaraz landutako ezagutzan oinarritua, eta hartzaile perfil ezberdinei bideratua. Hala nola, software garatzaileak, tokiko ekonomiako eragileak, enpresa eta erakundeetan erabaki teknologikoak hartu behar dituztenak, ikasle, irakasle eta ikastetxeak, eta eguneroko bizitzan tresna teknologikoak erabiltzen dituzten herritarrei egokitutako saioak izango dira atalez atal. Lanketa berezia egingo da arrakala digitala pairatzen duten herritarrak formatzeko, eta hezkuntzan eta gazteen artean teknologiaren erabilera arduratsuaren sustapena egiteko, horretarako bereziki garatuko den Teknologia Denontzat ildoaren bitartez.
Formazio eskaintzan saio teorikoak, praktikoak, esperimentalak eta proiektuen sozializazioan oinarrituak gurutzatuko dira, programan ikusi daitekeen bezala. Neguko oporretan ere eskaintza berezitu txiki bat egingo da haur, gazte eta familiei zuzendua, horren berri aurrerago emango badugu ere.
Torrekuatik abiatuta, Errenterian, eskualdean eta Euskal herrian ekonomia sozialaren ikuspegia txertatua duen eta herritarren beharretan oinarritzen den teknologiaren erakusgarri izan nahi dute formazio hauek. Hemendik aurrera TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean garatuko duten bideak, teknologia burujabetza herritik bertatik eraikitzen joateko asmoa dauka.
Oraindik ere detaileak lotzeko dituen programazioa bada ere, http://teks.eus eta Herri Biziako kanaletan izango da eguneratua eta eskuragarri. Izen emateak, berriz, http://teks.eus webgunean egin daitezke.

TORREKUAKO FORMAZIOAK EGITARAUA

1. Ekonomia Soziala: proiektuak eta tokiko garapena.

+ Teknologia libreak eta ekonomia soziala: lurraldea garatzeko ardatz

+ Beñat Irasuegi Ibarra. Talaios kooperatiba.

+ Azaroren 6an 18tik 19:30era

+ Etxepare Lizeoko ikasleek sortutako ordenagailuak konpontzeko kooperatibaren esperientzia

+ Ilargikoop, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleen kooperatiba

+ Azaroren 22an 10tik 12ra

2. SOFTWARE LIBREA: Ezarpenak eta tresnak.

+ Txikilinux eta beste sistema eragile libreak instalatzeko tailerra.

+ Bernat Etxepare Lizeoa, Elkartenet eta Txikilinux garatzaileak.

+ Azaroren 24an 17tik 18:30ra

+ LineageOS Software librea telefonoetan ezartzeko tallerra.

+ Arkaitz Anza. Skura kooperatiba.

+ Azaroren 13an 15:30tik 18:30ra

3. HARDWARE LIBREA: Robotika eta gailuak

+ Arduino Tailerra

+ Ekhi Sanz

+ Azaroren 27an 15:30tik 19:30ra

4. GARAPEN AURRERATUAK: goi mailako kurtsoak

+ Software testing.

+ Ibai Imaz

+ Data konfirmatzeko. Azaroaren 27ko asteko egun batean, 9tik14tara

+ Kode bizia eta solasa

+ Beñat Jimenez Bujanda. Talaios kooperatiba.

+ Azaroak 10 16:30tik 19:30ra

+ Laravelen oinarriak

+ Isaac Carvajal. Talaios kooperatiba

+ Abenuak 12an 9tik 14ra

5. TEKNOLOGIA DENONTZAT: Oinarrizko kontzeptuak

+ TEKNOLOGIA DENONTZAT: bilatu nahi duzun hori

+ Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portela. Skura kooperatiba.

+ Azaroak 9 17tik-19ra

+ TEKNOLOGIA DENONTZAT: mugikorrak

+ Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portela. Skura kooperatiba.

+ Abenduak 4ean 17tik-19ra